Danborrada, taldez talde

Erredakzioa 2025eko azaroaren 20a

Taldeetako bandadunak eta udal ordezkariak, iaz, udaletxean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zapatu gauean aterako da kalera San Andres jaien atarian egin ohi den helduen danborrada. Guztira, hamahiru taldek parte hartuko dute aurten; Izarraitz areto futbol taldearen parte hartzea da aurtengo berrikuntza nagusia. Horrez gain, Belaño taldearen eskoziarren jantzi berria ezagutzeko aukera ere izango dute herritarrek.

Danborradan parte hartuko dutenak prest dira dagoeneko larunbateko festarako, baita haien aitzakian kalera aterako diren gainerako herritarrak ere. 22:00etan hasiko da Azkoitiko helduen danborrada Baztarrikaldetik, eta Alde Zaharrean zehar nonahi ibiliko da ondorengo hiru ordutan.

Urtez urte hazten joan da helduen danborrada; horren adibide da azken zazpi urteetan lau talde berri sortu izana, azkena, aurten: Izarraitz areto futbol taldea batu da aurten festara. Hori hala, inoiz baino luzeagoa izango den desfilea egingo dute danbor jotzaileek herriko kaleetan. Guztira, hamahiru talde eta 500 lagunetik gora aterako dira 2025. urte honetan 77 urte beteko dituen danborradan; danborrak ez bada txapak joko dituzte horiek guztiek. 

Izarraitz taldearen berrikuntzaz gain, Belaño taldearen jantziek deituko dute arreta aurtengoan. Haiek hirugarren urtea izango dute aurtengoa danborradan, eta hori hala, udalak jantzi berriak finantzatu dizkie haiei: eskoziarren jantzi mitikoekin aterako dira talde horretako ordezkariak kalera. Iazko berrikuntza izan zen Miguel Mari Azpiazu musikari azkoitiarrak konposatutako San Martin martxa danborradako abestien zerrendan sartzea, eta aurten ere entzungai izango da abesti hori.

Taldeen kokapena, plazetan

Hamahiru taldeak gauerdia baino lehen elkartuko dira plazan, eta hori hala, lau lerro osatuko dituzte udaletxearen aurrean. Lehen lerroan izango dira, hurrenez hurren, Napoleoien taldea, Pilotarien taldea, Ixkitturri elkartea, Presoen eskubideen aldeko taldea eta Floreagako ikasle ohien taldea; bigarren lerroan kokatuko dira Floreagako gurasoen taldea, Xabier Munibe Ikastolako gurasoen zein ikasle ohien taldeak eta Txintxarri taldea; hirugarren eta azken lerroan, berriz, Aldapa, Zalduntxuk, Belaño eta Izarraitz taldeak arituko dira. Hona hemen taldeek herriko plazan izango duten kokapena:

Balda plazan, berriz, bestelako kokapena izango dute taldeek. Lau lerrotan banatuta, hurrenez hurren, honela jarriko dira taldeak: lehen lerroan, Napoleoien taldea, Pilotarien taldea, Ixkitturri elkartea eta Presoen eskubideen aldeko taldea; bigarren lerroan, Floreaga ikastetxeko eta Xabier Munibe ikastolako bina talde; hirugarren lerroan, Txintxarri, Aldapa eta Zalduntxuk taldeak; eta laugarren eta azken lerroan, Belaño eta Izarraitz taldeak. Ondorengo irudian ikus daiteke taldeek Balda plazan izango duten kokapena:

Hamahiru konpainia

Aurten inoiz baino lagun gehiagok parte hartuko dute helduen danborradan, Izarraitz areto futbol taldea batu baita festara. Honako talde hauek osatuko dute Azkoitiko danborrada: Ixkitturri elkartea, Pilotarien taldea, Euskal presoen eskubideen aldeko taldea, Xabier Munibe Ikastolako gurasoen taldea, Xabier Munibe Ikastolako ikasle ohien taldea, Txintxarri taldea, Aldapa taldea, Floreaga Ikastetxeko gurasoen taldea, Floreaga Ikastetxeko ikasle ohien taldea, Azkoitiko Udalaren taldea, Zalduntxuk taldea, Belaño taldea eta Izarraitz taldea.

Talde bakoitzak bere jantziak eta berezigarriak ditu, eta Azkoitia Gukak talde guztien zerrenda osatu du beste urte batez:

Napoleoien taldea

  • Sorrera urtea: danborrada San Andres jaietan egiten hasi aurretik; data zehatzik ez.
  • Jantzia: Napoleon jantzia.
  • Kideak: gizonek danborra, eta emakumeek txapa.

Pilotarien taldea


  • Sorrera urtea: 1998a.
  • Jantzia: pilotari jantzia.
  • Danborrak ala txapak: jertse gorridunek danborrak, eta jertse urdindunek txapak.

Ixkitturri elkartea

  • Sorrera urtea: 2001a.
  • Jantzia: baserritar jantzia.
  • Danborrak ala txapak: emakumeek danborrak jotzen dituzte, eta gizonek txapak.

Euskal presoen eskubideen alde taldea


  • Sorrera urtea: danborrada San Andres jaietan egiten hasi aurretik; data zehatzik ez.
  • Jantzia: baserritar jantzia.
  • Danborrak ala txapak: taldekide erdiek danborra jotzen dute, eta gainontzeko erdiek, txapa.

Floreagako gurasoen taldea

  • Sorrera urtea: 2003a.
  • Jantzia: baserritar jantzia.
  • Danborra ala txapa: erdiek txapa eta beste erdiek danborra.

Floreagako ikasle ohien taldea

  • Sorrera urtea: 2003a.
  • Jantzia: baserritar jantzia.
  • Danborra ala txapa: erdiek txapa eta beste erdiek danborra.

Xabier Munibe ikastolako gurasoen taldea


  • Sorrera urtea: 2005a.
  • Jantzia: sukaldari jantzia.
  • Danborrak ala txapak: jantzi beltza dutenek danborra jotzen dute, eta gorria dutenek, txapa.

Xabier Munibe ikastolako ikasle ohien taldea


  • Sorrera urtea: 2005a.
  • Jantzia: baserritar jantzia.
  • Danborra ala txapa: emakumeek danborra, eta gizonek txapa.

Txintxarri taldea

  • Sorrera urtea: 2015a.
  • Jantzia: sukaldari jantzia.
  • Danborra ala txapa: taldekide erdiek danborra jotzen dute, eta gainontzeko erdiek, txapa.

Aldapa taldea

  • Sorrera urtea: 2018a.
  • Jantzia: galtza zein kamiseta beltza eta txaleko nahiz txapel horia.
  • Danborra ala txapa: taldekide erdiek danborra jotzen dute, eta gainontzeko erdiek, txapa.

Zalduntxuk taldea

  • Sorrera urtea: 2022a.
  • Jantzia: zalduntxoen itxurako jantzia.
  • Danborrak ala txapak: erdiek danborra eta beste erdiek txapa.

Belaño taldea

  • Sorrera urtea: 2023a.
  • Jantzia: eskoziar jantzia (aurten aurrenekoz). Orain arte, galtza zuriak eta polo nahiz txapel beltza.
  • Danborrak ala txapak: taldekide erdiek danborra jotzen dute, eta gainontzeko erdiek, txapa.

Izarraitz taldea (aurten aurrenekoz)

  • Sorrera urtea: 2025a.
  • Jantzia: jantziak egin bitartean, galtza beltzak eta taldeko kamiseta zuria.
  • Danborrak ala txapak: taldekide erdiek danborra joko dute, eta gainontzeko erdiek, txapa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide