Errepresioaren izenean

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 4a

Burgosko Auziaren aurkako manifestazioa. Auzipetuen senideak Burgosko kapitaintza nagusiaren aurrean izandako karga polizialean. (Ruedo Iberiko)

Burgosko Auzitik lehen udal hauteskundeetara arte, langileen eskubideen borrokak eta aldarri politikoek eragin nabarmena izan zuten frankismoak estutzen zuen euskal gizartean. Guka Francoren heriotzaren 50. urtemuga dela-eta egiten ari den lanketako lehen erreportajea da honako hau.

Azaroaren 20an 50 urte beteko dira Francisco Franco diktadorea hil eta erregimen frankista amaitu zenetik. Euskal Herriarentzat lau hamarkada ilun izan ziren, non euskara, euskal kultura eta nortasuna, eta euskaltzaletasun oro galarazia, jazarria eta gogor zigortua izan zen. Zauri haiek orbainak utzi dituzte herri honen azalean, eta oraindik ere azkura ematen dute, oso presente daudelako askoren memorian. Juanjo Alvarez jurista eta nazioarteko zuzenbideko katedradun zumaiarrak azpimarratu du "errepresio basatia" izan zela Franco hil aurreko urteetan erregimenak baliatu zuen doktrina, eta hori ahalbidetzeko "inpunitate sentsazioa" izan zuela, "existentzia juridikorik ez zegoelako".

Testuinguru horretan –eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioarekin nolabaiteko alderatze bat eginda–, Alvarezek gogora ekarri du nazioartean bi dimentsio ezberdin zeudela frankismoaren abaroan. AEBek homologatu egin zuten erregimena, ez bakarrik Marshall planarekin, baizik eta beste plan batzuekin, eta babes osoa eman zion diktadurari. Horrek bide eman zion 36ko gerran baino errepresio gehiagoz aritzeko eta sarraskiak egiten jarraitzeko. Europak, aitzitik, balaztatu egin zuen herrialdearen homologazioa nazioartean; Franco hil baino lehenago, Europako Batasunera sartzeko ahalegina egin zuen Espainia frankistak. Europak ezezkoa eman zion bistakoak zirelako han pairatzen ziren oinarrizko askatasunen eta eskubideen urraketak.

Erregimenaren aurka

Etxe barruan, 1958ko abenduan Deban (Gipuzkoan) egindako bilera batean ETA sortu zen, "nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzailea". Frankismoaren aurka ekin zion bere ibiliari, eta, besteak beste, autodeterminazio eskubidea, Euskal Herriaren independentzia eta euskal estatu sozialista ezartzea izan zituen xede; horretarako armak baliatu zituen. 1968an hil zuen lehen aldiz norbait ETAk –Jose Pardines guardia zibila, Tolosako errepide kontrol batean–, hainbat urtez bestelako ekintzak egiten aritu ostean: kaleetan ikurrinak jarri, salatariak mehatxatu eta ehunka plaka frankista hautsi, esaterako.

Bi urte geroago, 1970eko abenduaren 3an, Burgosko Prozesua izan zen: auzitegi militar batek ETAko hamasei kideri –tartean, Arantza Arruti zarauztarrari– egindako epaiketa izan zen hura, eta, Euskal Herrian, Espainian eta nazioartean oihartzun handia izan zuen. Hiru pertsona hil izana leporatu zieten, eta epaiketaren bukaeran, akusatuetako seiri heriotza zigorra ezarri zieten, nahiz eta ez ziren azkenean bete; Francoren Ministro Kontseiluak kartzela zigorrez ordezkatu zituen. Arruti absolbitu egin zuten, eta 1974an utzi zuten aske.

Burgosko Auzian prozesatuak.

Lehendik ere zenbait espetxeratu izan ziren ETArekin lotuta, baina Juanjo Landa zarauztarrak dio 1970era arte mobilizaziorik ez zela izan kaleetan. "Burgosko epaiketak suspertu zuen mugimendua", aditzera eman du: "Auzia zela eta, gaupasa egin zuten Zarauzko parrokian, baita manifestazio batzuk ere. Ordurako langileen mugimendua nahiko antolatuta zegoen, eta jende asko genbiltzan hor". Gogora ekarri du Langileen Organizazio Iraultzailea (ORT) eta Euskadiko Mugimendu Komunista (EMC-EMK) abian zirela, eta jendea bazebilela Eusko Langileen Alkartasunaren (ELA) nahiz Comisiones Obrerasen (CCOO) bueltan.

Aurrez, ETAren lehen zatiketa eman zen, 1970eko abuztuan, Itsasun (Lapurdi) eginiko Seigarren Biltzarrean. Han, tentsioak areagotu ziren jarduera militarraren aldekoen eta langile sektorearen artean; izan ere, lehenengoek borroka armatua lehenesten zuten, eta bigarrenek borroka politikoa langile antolakuntzarekin elkarlanean. Biltzarrean izan zen gehiengoa bigarren multzokoa zen, eta gatazka armatua mugatzeko erabakiak erakundearen lehen zatiketa ekarri zuen. Harrezkero, sektore militaristak ETA-V izena hartu zuen, eta langileenak ETA-VI.

1973an izandako biltzarrean, ETA-VI bitan banatu zen. Alde batetik, Maioak zeuden –zuzendaritzaren gehiengoa hala zen–, eta horiek alde batera egin zuten; ideologia troskista zuten, eta Liga Komunista Iraultzailean (LCR-LKI) jarraitu zuten bidea. Beste aldetik, Minoak edo gutxiengoa zirenak zeuden; talde hori desegin egin zen, kideak beste erakunde batzuetara batu zirelako, hala nola Langileen Organizazio Iraultzailera (ORT), Espainiako Alderdi Komunistara (PCE) edo, atzera, ETA-Vra (berriro ETA izena hartu zuen).

Urte berean, Carrero Blancoren aurkako atentatua egin zuen erakundeak, eta horrek beste zatiketa bat ekarri zuen langile sektorean; Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia (LAIA) sortu zen horrela. ETAren barruan desadostasunak sortzen hasi ziren berriro, borroka armatuaren eta politikoaren arteko lehentasunen inguruan, eta, horrela, bi erakunde sortu ziren: ETA militarra eta ETA politiko-militarra.

Multikopistaren atzetik

1975eko irailaren 27an, ETAko kide Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra eta Angel Otaegi nuarbetarra fusilatu zituen Francoren erregimenak. Uda hartan, manifestazio handiak egin zituzten, aurrena atxiloketen harira, eta, gero, epaiketen zein exekuzioen kontra. "Mobilizazioetan jende asko atxilotzen zuten", azaldu du Landak: "Azpeititik etortzen ziren Zarauzko guardia zibilen kuartelera, itaunketak egitera. Mobilizazioak nork antolatzen zituen eta multikopista non zegoen jakin nahi izaten zuten. Propaganda herrian agertzen zenez, multikopistaren atzetik ibiltzen ziren beti".

Txiki eta Otaegi hil bezperan, berdeek isuna jarri eta kuartelera eraman zuten Landa. "Ni atxilotzeko aitzakia hutsa baino ez zen izan. Haien asmoa zen jendea kaletik erretiratzea, eta ziur beste hainbat herritan ere halaxe jokatuko zutela; izan ere, jakin bazekiten Txikiren eta Otaegiren fusilamenduekin kristoren iskanbila sortuko zela". Egun harekin akordatzen da Iñaki Uria kazetari zarauztarra ere. Hala kontatu du: "Txikirena gertatu zenean, hiru lagun gindoazen kalean barrena, eta guardia zibilek 'Disuelvanse!' agindu ziguten. Sakabanatzeko? Hiru gara eta!". Guardia Zibilak Kale Nagusian zuen orduan Zarauzko kuartela, egungo Etxezabala eraikinean. "Handik pasatu behar genuen bakoitzean, beldurrez igarotzen ginen".

Handik hiru astera, urriaren 18an, ETA politiko-militarrak Manuel Lopez Treviño Zarauzko Guardia Zibilaren burua hil zuen, Txerrimutur goitizenez ezaguna. "Vista Alegre auzoan bizi zen eta Zarauzko kuadrilla zuen; pentsatzen dut hortik aterako zuela informazioa, paisanoz jantzita ibiltzen baitzen. Manifestazioa egitean, hura izaten zen norbanakoak atxilotzen eta torturatzen zituena", azaldu du Landak.

Txerrimuturren hileta Zarauzko Guardi Zibilaren kuartelaren aurrean, Kale Nagusian. (Argia)

1975a urte "benetan gogorra" izan zen, eta oso gaztea bazen ere, gertakari asko jazo zirela oroitzen du Uriak: "ETA politiko-militarraren ekintza pila bat izan ziren; salbuespen egoera bat izan zen urteko lehen hilabetean eta gero setio egoera; etxeratze aginduak; Txiki eta Otaegi hil eta gero, greba orokorra izan zen pare bat egunez...".

Sasoi hartan jendea kalera ateratzen zen ideal politikoak aldarrikatzera, baina baita lan eskubide duinak eskatzera ere. Alvarezek gogoan ditu Michelin eta Bianchi enpresetako grebak, Lasarte-Orian (Gipuzkoa) bizi zen garaian izan zirenak. "Beren eskubideak aldarrikatzen zituzten, baina horren atzean errebolta ikaragarria zegoen erregimen errepresiogile basatiaren aurka", adierazi du hark. Horren aurrean, erregimenak inpunitate osoz erantzuten zuela esan du, "langileak akabatuz eta kontseilu militarren bidez erailez". Zumaiarraren esanetan, haien helburua zen "errepresio gehiagorekin estutzea" jendea "ahal bezainbeste kikiltzeko!".

1976ko martxoaren 3an, Espainiako Polizia Armatuak bost lagun hil eta 150 zauritu zituen Gasteizen langileek eginiko greba orokor batean. Urtarriletik ari ziren lan eskubideen alde borrokan. Garai hartan oraindik sindikatuak ongi antolatu gabe zeuden, eta han izan zena "mugimendu nahiko asanblearioa" izan zela esan du Landak. Bolada hartan, Zarauzko lantegietan ere greba handiak egin ziren, eta haiek ere ekarri ditu gogora Uriak. "Sekulako manifestazioak izan ziren haiek; langileak benetako grinarekin serioski aritu ziren protestan. Herrigunetik edo Azken Portutik fabriketara joaten ziren langileak, laneko buzoak soinean zituztela".

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide