Udazkeneko janari bilketa handia egingo du Azkoitiko Elikagaien Bankuak, ostiralean eta zapatuan

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 4a

Udaberrian egindako bilketa handiko irudi bat. (Elikagai Bankua)

Herritarrek bi modu izango dituzte beren dohaintzak egiteko. Iraungitze data luzea duten produktuak emateko edota bonu ekonomiko bat eskaintzeko eskatu du Azkoitiko Elikagaien Bankuak. Herritarren dohaintzak jasotzen boluntario bezala aritu nahi dutenek 686 68 22 56 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Azkoitiko Elikagaien Bankuak udazkeneko janari bilketa handia egingo du datorren ostiralean eta zapatuan. Herriko supermerkatuetan izango dira erakunde horretako ordezkariak, hainbat boluntariok lagunduta, herritarren dohaintzak jasotzen. Hain justu, Eroski eta BM supermerkatuetan jarriko ditu erakundeak bi egunetan herritarren ekarpenak jasotzeko postuak, 09:00etatik 21:00etara bitartean. 

Gobernuz kanpoko erakundeko ordezkariak hasita daude dagoeneko aste honetan egingo duten bilketa handirako prestatzen. Boluntario bezala bilketan parte hartzeko deia egin dute haiek, batetik, eta bestetik, herritarrei zuzendu zaizkie, azken horiek ostiralean ez bada larunbatean beren dohaintza egin dezaten. 

Ekarpena egiteko bi modu daude: batetik, iraungitze data luzea duten produktuak emateko eskatu du Azkoitiko Elikagaien Bankuak, hala nola lekaleak, arroza edota pasta; bestetik, bonu ekonomikoa erosteko aukera emango dute, elkarteak aurrerago beharra ikusten duenean produktu freskoak eros ditzan, besteak beste, arrautzak edota barazkiak.

Aurten, 70.000 lagunek jo dute elikagai bankuetara Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iaz, tona eta erdi janari bildu zuten udazkeneko kanpainan, eta kopuruak handia badirudi ere, martxorako Gipuzkoako biltoki asko hutsik zeuden. Horregatik guztiagatik, dohaintza egitera animatu dituzte elikagai bankuetakoek herritar guztiak. Urtetik urtera lehenago egiten du elikagai bankuak ekimena, eta aurreratzeko erabakia ez da ausazkoa, bankuaren biltegia gero eta azkarrago husten baita urtetik urtera. Zerbitzuaren beharra duen herritarrek kopuruak behera egin badu ere, prezioen igoera orokorrak eragin handia izan du biltegien huste azkarrean. 

Deialdia boluntarioei

Herritarren ekarpenak jasotzen boluntario bezala lan egiteko prest egon daitezkeenei dei egin die gobernuz kanpoko erakundeak, bilketa handian herritarren ekarpenak-eta jasotzeko jende gehiagoren beharra baitute. Laguntzen dutenek bi egunetako bateko txanda batean egon beharko dute. Boluntario bezala lan egiteko interesa dutenek 686 68 22 56 telefono zenbakira deitu beharko dute lehenbailehen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide