Gurea pilotalekuko hotsek iragarri dute hilaren 22an erneko den danborrada

Maddi Txintxurreta 2025eko azaroaren 6a

Azaroaren 22an egingo duten danborradarako prestatzen hasi dira herritarrak. Astelehenean egin zuten lehen entsegua, eta atzo bigarrena, 20:00etan hasita, Gurea pilotalekuan. Aurten, talde berri bat ariko da danborradan, Izarraitz Areto Futbol Taldea, beraz, 13 talde izango dira guztira.

Helduen danborradako entseguetan bigarrena egin zuten atzo iluntzean dozenaka herritarrek Gurea pilotalekuan; astelehenean egin zuten lehenengoa. Aurten ere taldekako saioak antolatu ditu Tata elkarteak, eta atzo, asteazkenero egingo duten eran, Pilotarien taldea, Ixkitturri elkartea, Kalera taldea, Aldapa taldea, Zalduntxoak, Belaño eta talde mistoa talde mistoa aritu ziren danborra astintzen, hilaren 22ko danborradaren iragarle diren kolpeak estreinatuz.

Aurten, gainera, talde berri bat ariko da danborradan: Izarraitz Areto Futbol Taldea. Beraz, orotara, 13 talde ariko dira azaroaren 22ko danborradan. Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dute danborradan parte hartu nahi duten herritarrak garaiz daudela horretarako. Interesa dutenek mezu bat bidal dezakete danborradaren Instagrameko kontura, eta haiekin adostu dezakete zein taldetan parte hartu nahi duen.

Datozen asteetan, Astelehenetan eta asteazkenetan 20:00etatik 21:00etara artean zein larunbatetan 11:00etatik 12:00etara artean izango dira entseguak udal pilotalekuan, eta taldeka banatuta egingo dituzte. Horrela, astelehenetan taldeen erdiek egingo dute entsegua, eta asteazkenetan, beste erdien txanda izango da. Entsegu guztietan talde mistoa ere izango da, eta larunbatetan nahi duten guztiek izango dute aukera entseatzeko. Antolatzaileek jakinarazi zutenez, azaroaren 8an ez da entsegurik izango.

Hona hemen entseguen egutegia taldez talde:

  • Astelehenak: Napoleon taldea, Floreaga ikastetxeko bi taldeak, Xabier Munibe Ikastolako bi taldeak, Txintxarri taldea eta Denetarik edo talde mistoa. 
  • Asteazkenak: Pilotarien taldea, Ixkitturri elkartea, Kalera taldea, Aldapa taldea, Zalduntxoak, Belaño eta Denetarik edo talde mistoa. 
  • Larunbatak: Denetarik edo talde mistoa. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide