Seta eta partida Anaitasunarentzat, sailkapeneko goiko postuetan jarraitzeko

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 2a

Partidari ekin aurretik egin diete omenaldia Aramendiri, Izagirreri eta Soraluzeri. (Anaitasuna)

Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen gizonen taldeak 6-1 menderatu zuen atzo eguerdian Hernani aurkari zuzena. Oihan Etxanizek (hiru), Julen Aramendik (bi) eta Hazim Hichamek egin zituzten gorritxoen golak. Emakumeen taldeak, bestalde, 2-1 galdu zuen Lakua Vitoria-Gasteiz taldearen aurka. 

Anaitasunak garaipen bikaina eskaini zien zaleei atzo, larunbata, Txerloia futbol zelaian. Zaleei bakarrik ez, lehiari ekin aurretik azken denboraldiaren amaieran Anaitasuna utzi zuten Mikel Aramendiri, Ion Izagirreri eta Xabi Soraluzeri opari eta omenaldi ederra egin zieten-eta taldekide ohiek. Loren Barbadoren taldeak 6-1 menderatu zuen atzora arte puntuetan berdinduta zuten Hernani taldea, eta gogotik atera zuten azken hiru asteetan bi puntu soilik pilatu izanagatik barruan zuten arantza.

Partida borobila atera zitzaien gorritxoei atzo. Lehen zatian oso ondo aritu ziren, erritmo handia erakutsi zuten, eta goitik behera nagusitu. Lan horren erakusle, hasi eta berehala lortu zuten gorritxoek eguerdiko lehen gola; Oihan Etxanizek egin zuen etxekoen sei goletan lehena, Unai Perezen baloi luze bat baliatuta. 

22. minutuan lortu zuen abantaila bikoiztea Anaitasunak, Julen Aramendik egin baitzuen gorritxoen bigarren gola, taldea berdegunean erakusten ari zen nagusitasuna bermatuz. Hegaleko sake baten ondotik, amaiera ezin hobea eman zion jokaldiari ezker jokalariak. Atsedenaldira iritsi aurretik (39. minutua), gainera, Hazim Hichamek lortu zuen etxekoen hirugarren gola; aurrelariak berak jaurtitako penaltiaren aldaratzea baliatu zuen garaipena ia guztiz bideratzeko. 

Emaitza ikusita, espero zitekeen aldageletatik itzulitakoan Hernanikoen erreakzioa, eta taldearen sistema aldatuta saiatu baziren ere, ez zuten ezer berezirik lortu; lortu zuten bakarra izan zen partidari bizitasuna gehitzea. Ordea, Anaitasunak une oro kontrolpean izan zuen partida, eta bigarren zatiko hogeigarren minutua bete aurretik lortu zuten partida erabat ixtea, laugarren gola erdietsita. Aritz Albizurik egindako pasea aprobetxatuta, Etxanizek egin zuen gorritxoen laugarren gola eta eguneko bere bigarrena. Segundo gutxira iritsi zen Hernanikoen gola.

Anaitasuna ez zegoen ezer bakartzeko, ordera, eta handik bost minutura, Aramendik lortu zuen bere bigarren gola egitea; 11 metrotatik, penaltiz, lortu zuen erasoko jokalariak Anaitasunaren bosgarren gola. Neurketa luzapenean zela eta lehia guztiz erabakita, Etxanizek Aramendirekin zuen golen berdinketa hautsi zuen, partidako bere hirugarren gola eginda. Korner jokaldia ondo atera zitzaien gorritxoei, eta aurrelariak aintzat hartzeko moduko gola eginda borobildu zuen gorritxoen festa.

Garaipen dotorea eskuratu zuen Anaitasunak, sailkapenean goian jarraitzeko. Datorren asteburuan, irteera zaila izango du Anaitasunak, beti konplikatua den Oiartzunen zelaian arituko baitira Barbadorenak. Sailkapeneko hirugarren postuan dira gaur-gaurkoz gorritxoak, hamalau punturekin; Real Union B taldea da oraingoz liga txapelketako liderra, 21 punturekin.

Garmendia Juaristiri baloia jokatzen. (Anaitasuna)

Gasteizen, ezin

Euskal Ligako emakumeen taldeak, bestalde, 2-1 galdu zuten Lakua Vitoria-Gasteiz taldearen aurka, Gasteizen. Ondo ekin zioten lehiari gorritxoek, eta erasoko jokoa hegaletatik garatuta, txukun aritu ziren. Baloiarekin taldea gehiago izan bazen ere, gola lortu zuena etxeko taldea izan zen aurreneko 45 minutuak jokatu eta gero.

Dena den, partidako aurreneko abagunea Kalare Olaizolak izan zuen, bosgarren minutuan, baina hark atezainari bota zion baloia. Arette Egigurenek ere izan zuen  beste aukera bat Anaitasuna aurretik jartzeko, Olaizolak egindako egundoko pasea jasota, baina hark egindako jaurtiketan baloiak zutoinaren aurka jo zuen. Handik gutxira Maria Juaristik sortu zuen arriskua Gasteizkoen ate inguruan; Egigurenek hegalean jokaldia eginda, Juaristik takoiarekin errematatu zuen baloia, baina azken unean atezainak urrundu zuen.  

Atsedenaldirako bost minutu gelditzen zirela, epaileak falta adierazi zuen Anaitasunak defendatzen zuen area barruan, gorritxoen atezainak atzelari batek egindako lagapena hartu zuelakoan, eta Gasteizkoek une hori baliatu zuten markagailuan aurrea hartzeko. Bat eta hutsekoarekin hartu zuten aldageletarako bidea atsedenaldian bi taldeek. 

Bigarren zatiari ere gogotsu ekin zion Anaitasunak, eta lehen zatian ez bezala, aurreneko saiakeran lortu zuen Lakuaren atea zulatzea; Egigurenek ez zuen barkatu partida berdintzeko gorritxoek izan zuten lehen gol aukera. Banakoaren ondoren ere aukera bat bestearen atzetik sortzen jarraitu zuen Anaitasunak, baina ez zen markagailuan aurretik jartzeko gai izan, eta lehia amaitzeko ordu laurdena falta zela etxekoek area ertzeko falta batetik egin zuten garaipena eman zien gola. 

Azken txanpan saiatu ziren gorritxoak, gutxienez, puntu bat emango zien gola egiten; gola egin ere egin zuten, baina epaileak ezeztatu egin zuen, baloia hegaletik atera zela adierazi eta gero. Leire Ucin zelairatu berriak ere gutxigatik ez zuen lortu buruz gola egitea azken hatsean. Garaipena lortu eta sailkapeneko goikoen multzoan sartzea zen Anaitasunaren xedea, baina porrotarekin, sailkapenaren erdialdean jarraituko du; zazpi jardunaldi jokatuta, sei puntu dituzte Oruerenek. Datorren asteburuan, Sestaoko (Bizkaia) Sestao River taldea jasoko dute etxean gorritxoek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide