Ekin diote Palestinako erresistentziaren aldeko mendi erronkari

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 1a

Urola Erdiko GKSk deituta, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako 11 mendi tontor lotuko dituzte gaur eskualdeko hainbat eragilek eta elkartek. 54 kilometroko ibilbidea egingo dute, zatika, eta zapaldutako tontor bakoitzean Palestinako bandera bana ari dira jartzen dute. 20:15 aldean Azpeitiko plazan amaituko dute erronka.

Palestinar erresistentziaren aldeko mendi erronka egiten ari dira gaur, zapatua, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa artean. Urola Erdiko GKSk antolatuta, hiru herri horietako hainbat elkartetako eta eragiletako kideak ari dira 54 kilometroko ibilbidea osatzen; guztira, 11 mendi tontor igoko dituzte. Palestinarrek beren burua defendatzeko duten eskubidea aldarrikatzea eta palestinar erresistentziari babesa adieraztea dira gaurko egitasmoaren xedeak, eta hori horrela, Palestinako bandera bana ari dira jartzen zapaldutako tontor bakoitzean.

Hamar zatitan banatu dute ibilbidea: Azpeitiko plazatik abiatu dira 06:00etan, eta handik Txalintxo eta Munoaundi aldera abiatu dira aurrena, horien ondoren Samiñora jotzeko. Gero, Azkoitiko plazara jaitsi dira parte hartzaileak, eta eten bat eginda, Azkoitiko tontorra dena, Kakueta, dute une honetan jomugan. Azkoitia atzean utzi, eta Azpeitiko lurretan sartuko da segidan erronka; izan ere, Xoxote eta Erlo gailurretara egingo dute bidea. Azpeitiko bi gailur horien ondoren, berriz, Zestoara zuzenduko dira, han Ertxina, Santa Engrazia eta Munomendi zeharkatzeko. Erronkaren azken zatia Azpeitiko tontorretan egingo dute, hala nola Sañoan eta Arauntzan. 20:15 aldean espero dituzte azken partaideak Azpeitiko plazan.

Zati horiek egiteko, hiru herrietako eragileak eta elkarteak batu dira egitasmora, guztira, hamabost. GKSko kideek egin dute lehen zatia, eta haiek Zipitze eta Ikasberri kirol elkartekoei eman diete lekukoa bigarrena egiteko. Xeye atletismo taldea, UGA kirol zentroa, Anaitasuna mendi bazkuna, Lagun Onak mendi bazkuna, Lagun Onak futbol taldea, YK Riders, Lagun Onak txirrindulari elkartea, Mangaixue, Agiro, Abantzu pilota elkartea, Sokaitz taldea eta Sañu Bizirik plataforma dira, hurrenez hurren, egitasmoa osatuko duten gainerako eragileak. Hona hemen zati bakoitzari buruzko informazioa:

  • 1. zatia: Azpeitia-Txalintxo-Munoaundi (GKS)
  • 2. zatia: Munoaundi-Samiño (Zipitze / Ikasberri KE)
  • 3. zatia: Samiño-Azkoitia (Xeye / UGA)
  • 4. zatia: Azkoitia-Kakueta-Xoxote (Anaitasuna MB)
  • 5. zatia: Xoxote-Erlo (Lagun Onak MB / Lagun Onak FT)
  • 6. zatia: Erlo-Zestoa (YK Riders / Lagun Onak TXE / Mangaixue)
  • 7. zatia: Zestoa-Ertxiña (Agiro)
  • 8. zatia: Ertxiña-Santa Engrazia (Abantzu)
  • 9. zatia: Santa Engrazia-Munomendi (Sokaitz)
  • 10. zatia: Munomendi-Sañoa-Arauntza-Azpeitia (Sañu Bizirik)

Herriz herriko egitarauak

Erronka gauzatzen ari diren hiru herrietan antolatu ditu Urola Erdiko GKSk egitarauak; dena ez da izan mendian egin beharreko ibilaldia. Hona hemen gaurko egunerako antolatu dituzten ekintzak:

Azkoitia

  • 12:00etatik aurrera, plazan: zati egokitua, luntxa eta Anti X DJa.

Xoxote

  • Pintxoak eta sagardoa, eta trikitilariak.

Zestoa

  • 13:00etatik aurrera, plazan: erakusketa, luntxa eta kontzertu akustikoa.
  • 15:30. Mendi erronkako parte hartzaileei harrera.

Azpeitia

  • 18:00etatik aurrera:
    • Eguneko irudien proiekzioa, plazan.
    • Mendi erronkako parte hartzaileei harrera, Perez Arregi plazatik herriko plazaraino.
    • Afaria.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide