Gaztea irratiak antolatzen duen Maketa Lehiaketako hogei hautagaien artean dago aurten ere Eraldatzen musika taldea. Euskarazko musika zuzena da haiena, eta metal musika oinarri, punk zein rock doinuak eskaintzen ditu laukoteak. Hain justu, Iñaki Odriozola (ahotsa) azkoitiarra, Oihan Otaegi (baxua) nahiz Nestor Aguado (gitarra) azpeitiarrak eta Alvaro Guinea (bateria) salamancarra (Espainia) daude Eraldatzen musika taldearen atzean.
Lehiaketaren finalerdietara sailkatuta, ikus-entzuleek gaurtik azaroaren 10era bitartean eman ahal izango dute musika talde horren aldeko botoa Gaztea irratiaren webguneko bozketan –botoa emateko nahitaezkoa da webgunean erregistratzea–. Bozketa fasean boto gehien jasotako proiektua –Entzuleen saria eskuratuko duena– eta epaimahaiak aukeratutako beste hiru finalistak lehiatuko dira azaroaren 20an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egingo duten finalean.
Jimmy Jazzeko finalean ikuskizunik onena eskaintzen duen taldeak lortuko du gaueko sari potoloa. Epaimahaikideek hautatutako irabazleak 5.000 euro eta Bilbao BBk Liven jotzeko aukera eskuratuko ditu. Webgunean bozketa bidez aukeratutako finalistak, ostera, Entzuleen saria eramango du: 2.500 euro. Azkenik, Harrobia sariak talentu gazte bat sarituko du, eta irabazle horrek Oso Polita diskoetxearekin lau kantako EP bat grabatzeko aukera izango du.