Espainiako Zinema Akademiak 40. Goya sarietarako hautatu dituzten 48 film laburren berri eman du, eta Izibene Oñederrak zuzendutako Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) filma da aukeratutakoetako bat animazioko film laburren sailerako, beste hamalau film laburrekin batera. Goya sarien banaketa ekitaldia datorren urteko otsailaren 28an egingo dute Bartzelonan.
Etorriko da(eta zure begiak izango ditu) lana Oñederrak zuzendu eta produkzitutakoa da, baina ez da hura lan horretan parte hartu duen azkoitiar bakarra; izan ere, musika Javier Ucar Amsia-rena da, animazioa Alots Arregirena eta Igha Mangalmurtirena, kolorea Glow-rena, argazki zuzendaritza Eduardo Elosegirena eta ekoizle exejutiboaren lana Diego Herguerarena.
Oñederraren lana hainbat jaialditan aurkeztua eta aipamenak ere jasotakoa izan da iaz eta aurten artean; joan den martxoan, Malagako (Espainia) Zinema Jaialdiaren 28. edizioa izan zen, eta Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) animaziozko filmak epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Animazine film laburren sail ofizialean. Gainera, iaz, Donostiako 72. Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztu zuten lana, eta animaziozko zinemaren Annecyko jaialdian ere lehiatu zen. Era berean, 2024ko Kimuak katalogoa osatu zuten zazpi lanetako bat izan zen Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) film laburra.
