Añube eta Trini Fox taldeen kontzertuek zabalduko dute sanandresetarako bidea

Andoni Elduaien 2025ko urr. 29a, 11:53

Añubeko taldekideak, kontzertu batean. (Añube)

Azaroaren 15ean, larunbatez, herriko plazan joko dute bi musika talde horiek. Azkoitiko Udalak eta Um Blem Ble tabernarien elkarteak antolatu dituzte kontzertuak elkarlanean. 

Azkoitiko Udalak gaur, asteazkena, iragarri ditu San Andres jaiei begira motorrak berotzen hasteko kontzertuak zein musika taldek emango dituzten. Añube eta Trini Fox taldeak igoko dira herriko plazako agertokira azaroaren 15ean, larunbatez, 22:30ean. Udalak eta Um Blem Ble tabernarien elkarteak antolatu dute musika gaua elkarlanean.

Duela bost urte hasi zuen bere ibilbidea Añube musika taldeak. Aitor Bedia Hans abeslaria buruz, Arrasateko, Bergarako, Aretxabaletako eta Ataungo (Gipuzkoa) musikariek osatzen dute rock talde hori, eta dagoeneko bi disko kaleratu dituzte. 2022an argitaratu zuten lehena, musika taldeari izena eman zion Añube izenekoa. Iaz, berriz, Errautsetatik loratzen izenekoa kaleratu zuten. Euskaraz eta gazteleraz abesten dute taldekideek.

Añuberen ondoren, etxeko musika talde bat igoko da oholtzara: Urrestilla auzoan sortutako Trini Fox punk rock taldea. Azkoitiko eta Azpeitiko kideek osatzen dute musika talde hori, eta haiek iaz kaleratu zuten Flanagan EPan bildutako doinuak aurkeztuko dituzte herrian. Azken proiektu horren aurretik kaleratutako Letaginak eta Ataraxia lan luzeetako zenbait abesti ere joko dituzte, ordea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide