Datozen asteetan mende erdi beteko da Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik, eta Darahli elkarteak zein Azkoitiko saharar komunitateak salatu dute herrialde horren etorkizunak, oraindik orain, "ukatuta eta nazioarteko kalkulu politikoen mende" jarraitzen duela. Era berean, NBEko Segurtasun Kontseiluak Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa (Minurso) luzatzea bozkatuko du bihar; deitzaileek, ordea, gogoratu dute erreferenduma ez dela inoiz egin, eta Minurso "gatazka zuritzeko tresna" dela. Horren harira eta okupazioaren hasieraren urteurrenaren atarian, elkarretaratzea deitu dute ostiralerako Azkoitian. Herriko plazan elkartuko dira, 18:30ean.
Bien bitartean, Marokok "autonomia plana" aurkeztu duela adierazi dute deitzaileek, "irtenbide bakar gisa" eta bere "proiektu koloniala inposatu" nahian. Testuinguru horretan, AEBak "aukera aprobetxatuko du" Marokok lurraldearen gainean duen "subiranotasunaren aitortza indartzen duen proiektu bat" aurkezteko. "Trumpek babesten duen autonomia-plana ez da bakerako proposamen bat, Marokoren Mendebaldeko Sahararen okupazioa legitimatzeko saiakera bat baizik, akordio politiko eta ekonomikoen truke", azaldu dute.
Daralhik eta sahararrek gaitzetsi dutenez, Marokoren autonomia planak Mendebaldeko Saharako "legez kanpoko okupazioa" legitimatzen du, saharar herriaren "eskubideak urratuz" eta "hamarkada askotako borroka eta erresistentzia baketsua ukatuz". Gainera, plan horrek nazioarteko legezkotasuna ere hausten duela salatu dute: "Saharako herriari autodeterminaziorako eskubidea onartzen dioten NBEren eta Afrikako Batasunaren ebazpenak urratzen ditu, eta ez ditu aintzat hartzen Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiak, zeinak Mendebaldeko Sahara Marokoren parte ez dela dioten".
Horregatik guztiagatik, Azkoitian "ozen" aldarrikatuko dute Mendebaldeko Saharak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela, eta "kanpotik inposatutako planek" ezin dutela aldatu hori. Era berean, azpimarratu dute XXI. mendean ezin dela egon inongo "kolonialismo inbaditzailerik", eta Palestina ere izan dute gogoan: "Palestina aske eta burujabea ibaitik itsasoraino! Mendebaldeko Sahara, basamortutik itsasora, saharar herriarentzat!".