Aizkolarien Euskal Herriko txapel nagusia izango da jokoan igandean, Azkoitian

Andoni Elduaien 2025eko urriaren 28a

Ezkerretik eskuinera, Gabirondo, Vicente, Zaldua, Ezpeleta, LarraƱaga eta Txikia IV.a. (Andoni Elduaien)

Igande eguerdian Gurea pilotalekuan jokatuko dute Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketaren finala. Lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ahalik eta azkarren moztea izango dute xede Iker Vicentek, Hodei Ezpeletak, Julen Alberdi Txikia IV.ak, Mikel Larrañagak, Xabier Zalduak eta Julen Gabirondok. Sarrerak egunean bertan jaialdia hasi baino ordu lehenago jarriko dituzte salgai Gurea frontoiko leihatilan.

Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkolari Txapelketaren final nagusia jokatuko dute datorren igandean, azaroak 2, Azkoitian. Sei aizkolari ariko dira nor baino nor gehiago Gurea pilotalekuan, baina txapela batek bakarrik jantziko du, Euskal Herriko onenak. Iker Vicente iazko txapeldunak, Hodei Ezpeleta iazko txapeldunordeak, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Xabier Zalduak eta Julen Gabirondok jokatuko dute final handia, 12:00etan hasita.

Sei protagonistek lan gogorra dute aurretik. Guztira, hamabi enbor ebaki beharko dituzte: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Enbor guztiak behar bezala azkarren mozten dituenak jantziko du Euskal Herriko txapela. Iaz, Vicentek irabazi zuen txapela Gasteizen, lanak 35 minutu eta 39 segundoan amaituta –duela bi urte baino bost minutu eta erdi azkarrago ebaki zituen iaz–. Azkoitiko sustraiak dituen Ezpeleta sailkatu zen bigarren, Vicentek egindako denboratik lau minutu eta erdira. Podiumeko hirugarren koskara, berriz, Jokin Urretabizkaia Basozabal igo zen, lanak 40 minutu eta 53 segundoan amaituta.

Kirolariek eta erakundeetako ordezkariek gaur aurkeztu dute Elkarguneko Oteiza aretoan igandeko finala. Igor Duñabeitia Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko presidentea da, eta hark eskerrak eman dizkio Azkoitiko Udalari igandeko finala jokatzeko herriko frontoia uzteagatik. "Euskal Herriko eta munduko aizkolaririk onenak izango dira Azkoitian, eta beren onena emango dute guztiek, horretarako prestatuta daude eta".

Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea eta Igor Isuskiza Kirol zinegotzia ere aurkezpenean izan dira, eta alkatea pozik agertu da halako hitzordu bat Azkoitian jokatuko delako. "Guretzat pozgarria da halako hitzordu bat Azkoitian izatea. Frontoi ederra da Gurea, eta Azkoitia pilotarien sehaska dela esaten bada ere, ari gara frontoiari bestelako erabilpen bat ematen. Uste dut herri kirolek ere merezi dutela, eta nola ez, tartean, aizkorak. Sei aizkolari onenak Azkoitian ikusteko aukera izango da, eta zorterik onena opa dizuet seioi. Lanik onena egiten duenak irabaz dezala esku artean dudan txapel hau". 

Sei kirolariak, Ana Azkoitia alkatearekin eta Duñabeitia federazioko presidentearekin. (Andoni Elduaien)

Protagonistak, prest

Eskualdeko bi aizkolari arituko dira finalean, Txikia IV.a azkoitiarra eta Larrañaga azpeitiarra. Azkoitiarrarentzat igandekoa da urteko txapelketarik "garrantzitsuena". Hura, gainera, bere herrikideen aurrean arituko da, eta espero du hark ingurukoen babesa jasotzea. "Pentsatzen dut alboan izango ditudala igandean. Saiatuko naiz neure onena ematen eta guztiak pozik uzten". Dena den, aizkolari azkoitiarrak jakinarazi du beste urte batzuetan "puntu hobeagoarekin" iritsi izan dela finalera. "Ez nago punturik onenean, baina azken entrenamenduekin oso gustura gelditu naiz, eta fisikoki, orokorrean, nahiko ondo sentitzen naiz. Ea lan on bat egiteko gai izaten naizen", esan du azkoitiarrak.

Larrañagak, berriz, "ahalik eta lan onena egitea" du helburu, nahiz eta txapela lortzeko hautagai nagusia harentzat Vicente izan. Ordea, azpeitiarrak ere Txikia IV.ak emandako azalpenen bide beretik jo du, eta hark ere aitortu du igandeko hitzordura ez dela punturik onenean iritsiko. "Badakigu nor den faboritoa, baina ea estutu bat emateko gai izaten garen. Nire partetik zaila izango da, ez bainago %100ean. Ez dut finala behar bezala prestatzeko denborarik hartu, eta zenbaki bat ematearren, %70ean nagoela esango nuke. Halere, neure lana txukun egitea lortzen badut, azalduko da zerbait". 

Vicente da iazko txapelduna, eta Azkoitian beste txapel bat janztea nahi du hark. "Hauxe da urteko hitzordurik garrantzitsuena niretzat. Espero dut beste aizkolariak ere topera egongo direla, eta horregatik, badakit zaila izango dela txapela lortzea. Ordea, ahaleginduko naiz horretan", esan du txapeldunak.

Sarrerak, egunean bertan

Igandeko finala frontoian ikusi nahi dutenentzako sarrerak igandean bertan aterako dituzte salmentara. Gurea frontoiko leihatilan eskuratu ahalko dira horiek finala hasi baino bi ordu lehenago –10:00etatik aurrera, alegia–; 40 euroan salduko dituzte.

Gaur, gainera, bisitari berezi batzuk ere izan dira Azkoitian. Stihl Timbersports nazioarteko aizkolarien txapelketan parte hartu ohi duten hainbat aizkolari aurkezpenean izan dira, eta horiek Euskal Herriko aizkolariekin hitz egiteko eta haiekin batera argazkiak ateratzeko baliatu dute tartea. Nazioarteko aizkolari horiek aizkorak, motozerrak eta eskuzko zerrak erabiltzen dituzte hainbat diziplinatan, abiadura eta zehaztasuna uztartuz. Euskal Herrian direla baliatuta, igandean Gurea frontoian izango dira haiek ere, finaleko ikuskizunaz gozatzeko.

Euskal Herriko finala jokatuko dute aizkolariak eta nazioartekoak, gaur, elkarrekin. (Andoni Elduaien)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide