Azkoitiko Udalak urriko ohiko udalbatzarra egingo du bihar, asteazkena, udaletxeko bilkura areto nagusian. 18:00etan hasiko dute batzarra udalean ordezkaritza duten lau alderdietako zinegotziek. EAJko, EH Bilduk, Azkoitia Baiko eta PSE-EEko ordezkariek zazpi puntuko eguneko zerrenda izango dute eztabaidatzeko, baina, bereziki, Iraurgi Lantzen garapen agentzia berrantolatzeko eta hura Urola Erdiko beste herrietara zabaltzeari buruzko lan mahaia sortzeko konpromisoa onartzea izango dute helburu.
Iraurgi Berritzenek lanketa horri ekin diezaion, ordea, egun garapen agentziako kiden diren udalek beren udalbatzarretan protokolo bat onartu beharra dute, eta hain justu, hori ahalbidetzea izango dute xede bihar. Iraurgi Berritzen eskualdeko garapen agentzia da izatez, baina gaur-gaurkoz, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek osatzen dute haren kapitala, erdibana.
Oraintsu gauzatu du garapen agentziak bere Plan Estrategiko berria, eta han jaso dute eskualde izaera indartzeko eta herri txikiak erakartzeko beharra dagoela. Behin udalen onespena jasota, lanketari ekin ahal izateko mahaia eratuko du aurrena Iraurgi Berritzenek.
Gainerakoan, udalaren izapide kontuak izango dituzte aztergai udal taldeek. Ohi bezala, Gukak zuzenean emango du biharko udalbatzarra, 18:00etan hasita.
Hona hemen biharko gai zerrenda:
- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko 3 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Zubiaurre-Elkargune Institutuaren 2 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
- Iraurgi Lantzen, S.A. garapen agentzia berrantolatzeari eta Urola Erdiko beste herrietara zabaltzeari buruzko lan mahaia sortzeko konpromisoa onartzea.
- Behin betiko onespenen berri ematea.
- Aurrekontuari buruzko informazioa.
- Galde-erreguak.