Iraurgi Berritzen garapen agentzia berrantolatzeko eta Urola Erdiko herrietara nola zabaldu lantzeko lan mahaia sortuko dute. Herriz herri ari dira udalak horretarako protokoloa onartzen; Zestoan, esaterako, atzoko udalbatzarrean onartu zuten. Gainerako herrietan datozen asteetan egingo dituzten udalbatzarretan landuko dute gaia.
Iraurgi Berritzen eskualdeko garapen agentzia da izatez, baina gaur-gaurkoz, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek osatzen dute haren kapitala, erdibana. Oraintsu Plan Estrategikoa gauzatu du garapen agentziak, eta han jaso dute eskualde izaera indartu beharra dagoela eta herri txikiak erakarri behar dituztela. Horretarako mahaia eratu eta lanketa martxan jarriko du garapen agentziak.