Anaitasuna futbol taldeak txanponaren bi aurpegiak ezagutu ditu igaro berri den asteburuan. Emakumeen taldeak sasoiko bigarren garaipena erdietsi zuen herenegun, zapatua, Txerloian, Bizkeneskak taldeari 3-0 irabazita. Gizonen taldeak, bestalde, 3-1 galdu zuen atzo, igandea, Elgoibarko (Gipuzkoa) Mintxeta zelaian; denboraldiko bigarren porrota jaso zuten gorritxoek.
Aretha Azkuek laster zabaldu zuen garaipenerako bidea Txerloian. Bosgarren minutua zenean, taldeak jokaldi ona gauzatu zuen, Azkue ate aurreraino iristea ahalbidetuz. Erasoko jokalariak ez zuen barkatu Bizkeneskak taldeko atezainaren aurrean, eta gol garrantzitsua lortuta, taldea aurretik jarri zuen.
Balio handiko gola lortu zuen Azkuek, puntuetan berdinduta zegoen arerioa baitzuten gorritxoek aurkari. Hori horrela izanda, funtsezkoa zen lehian aurretik jartzea eta urduritasunik gabe kontrarioari aurre egitea. Emaitza horrekin hartu zuten bi taldeek atsedenaldirako bidea. Garaipena lotzeko bideari ekin bai, baina guztiz korapilatu gabe utzi zuen lehen zatian Anaitasunak.
Kostatu zitzaien bi taldeei ere abaguneak sortzea bigarren erdian. Amaierarako ordu laurden eskas falta zela lortu zuten Iñigo Oruesagasti Orue-renek abantaila bikoiztea. Maria Juaristi aurrelariak Kalare Olaizolak emandako pasea atea aurrean jaso, eta sareetara bidali zuen hark baloia. Hori gutxi ez, eta gol horrek emandako patxada baliatu zuen Anaitasunak hirugarrena bilatzeko; azkenean, Enara Anduezak lortu zuen gorritxoen hirugarren gola area kanpotik egindako jaurtiketa batean.
Garaipen garrantzitsua lortu zuten Oruerenek etxean. Sei jardunalditan sei puntu batuta, sailkapen erdiraino muturra ateratzea lortu dute orain Anaitasunako emakumeek. Datorren asteburuan, bai puntuetan, bai sailkapenean, atzetik duten Lakua Vitoria-Gasteiz taldearekin neurtuko dituzte indarrak gorritxoek.
Bigarren porrota, Elgoibarren
Loren Barbadok zuzentzen duen gizonen taldeak, bestalde, galdu egin zuen atzo eguerdian, igandea, Elgoibarren. 3-1 makurtu behar izan zuten gorritxoek Borja Rotxa entrenatzaile azkoitiarrak zuzentzen duen taldearen aurka.
Ordu erdia igaro berritan lortu zuten etxekoek markagailuan aurrea hartzea, eta atsedenaldiaren ostean zelairatutakoan bigarrena. Une edota minutu garrantzitsuetan erdietsi zituzten Elgoibarkoek lehen bi golak, Anaitasunari oroitzapen apartak sortzen dizkion Mintxeta zelaian zerbait batzea zail jarriz. Gainera, 56. minutuan etxekoek hirugarrena lortuta guztiz erabaki zuten partida. Garipena etxekoentzat izango zela ebatzita, gorritxoek luzapenean lortu zuten beren gola; Beñat Garmendia erdilaria izan zen golegilea.
Azken hiru neurketatan bi puntu baino ez dituzte batu Anaitasunako gizonek. Etxetik kanpo Txerloian baino gehiago ari zaie kostatzen Barbadorenei puntuak gehitzea, eta hori hala izanda, etxeko sendotasunari eusten jarraitzea dute beste aste batez xede. Datorren asteburu honetan, esaterako, sailkapenean eta puntuetan berdinduta dagoen Hernani jasoko dute Txerloian.