Hilabete baino gutxiago falta da azaroaren 22an egingo duten helduen danborradarako, eta Tata elkarteak prest du entseguen egutegia. Taldeak jakinarazi duenez, gaur zortzi, azaroaren 3an, hasiko dira danborrada entseatzen Gurea pilotalekuan, eta azken bi urteetan bezala, han parte hartuko duen talde bakoitzak astean egun bat izango du entsegura joateko. Salbuespen gisa, Denetarik deitutako talde mistoan parte hartu ahal izango dute berez dagokienera joan ezin dutenek.
Ohikoa den moduan, astelehenetan eta asteazkenetan 20:00etatik 21:00etara artean zein larunbatetan 11:00etatik 12:00etara artean izango dira entseguak udal pilotalekuan, eta taldeka banatuta egingo dituzte. Hori horrela, astelehenetan taldeen erdiek egingo dute entsegua, eta asteazkenetan, beste erdiek. Bi entsegu egun horietan talde mistoa ere izango da, eta larunbatetan nahi duten guztiek izango dute aukera entseatzeko.
Horrez gain, jakinarazi dute azaroaren 8an ez dela izango entsegurik. Horrez gain, iaz estreinatu zen San Martin martxa bitan joko dute entsegu bakoitzean, eta antolatzaileek dei egin diete parte hartzaileei beren gerrikoa eramatera entsegu egunetara.
Hona hemen entseguen egutegia taldez talde:
- Astelehenak: Napoleon taldea, Floreaga ikastetxeko bi taldeak, Xabier Munibe Ikastolako bi taldeak, Txintxarri taldea eta Denetarik edo talde mistoa.
- Asteazkenak: Pilotarien taldea, Ixkitturri elkartea, Kalera taldea, Aldapa taldea, Zalduntxoak, Belaño eta Denetarik edo talde mistoa.
- Larunbatak: Denetarik edo talde mistoa.