Geldiezin jarraitzen du Biele ISBk

Andoni Elduaien 2025ko urr. 27a, 11:22

Etxeko jokalari bat, saskira zuzentzen. (Clavijo)

Reina Proteinas Clavijo taldea menderatu zuen gizonen taldeak atzo eguerdian, Logroñon. Jokatutako lau partidak irabazita, sailkapenaren aurreneko postuetan jarraitzen du Azkoiti-Azpeitiko taldeak, Coto Cordoba CB eta eta UEMC Baloncesto Valladolid taldeekin batera. Emakumeen taldeak, bestalde, hirugarren porrota pilatu du jarraian.

Ezin hobeto ekin dio denboraldiari Biele ISBk, eta atzo, igandea, hori berretsi zuen Logroñon (Espainia) denboraldiko laugarren garaipena lortuta. Iñigo Nuñezek zuzentzen duen taldeak jokatutako lau partidak irabazi ditu, eta sailkapenaren buruan jarraituko du, gutxienez, beste aste batez. Atzo, Reina Proteinas Clavijo taldea hartu zuten mendean ISBkoek, 73-78 irabazita. 

Hasiera zeharo kaskarra izan zen ISBrentzat. Etxekoak ausart eta indartsu atera ziren kantxara, denboraldiko aurreneko garaipenaren bila; partida ezin hobeto hasi zen etxekoentzat. Lehen laurden paregabea jokatu zuten haiek, eta errenta zabala lortu. Otsoei ikaragarri kostatu zitzaien puntuak pilatzen hastea; laurdenaren erdia igarota ere, sei puntu baino ez zituzten, guztira, markagailuan. Hori hala, hamabost puntu goitik (21-6) ere izan ziren une batez Logroñokoak. Ekaitzaren okerrena igarota, 0-6eko partziala lortu zuen ISBk, eta hala, itxura zerbait hobetzeko eta lehian sartzeko gai izan ziren (21-12).

Begiak itxi eta berriro zabaltzerako berdindu zuen partida ISBk bigarren laurdenaren hasieran. Azkoiti-Azpeitiko taldeari markagailuan aurrea hartzea nahi baino gehiago kostatu bazitzaion ere, gutxienez, dema parekatzeko gai izan zen taldea. Agerian zegoen otsoek atsedenaldira aurretik iristeko asmoa zutela, eta laurdenaren erdia igarota, aurrea hartu zuten. Behin aurrea hartuta, gainera, Nuñezenek ez zuten partida guztian berriro nagusitasun hori galdu. 31-36 iritsi ziren atsedenaldira Clavijo eta ISB.

Hori gutxi ez, eta aldageletako bueltaren ondotik, pultsua haustear egon ziren otsoak. Etxekoei puntuak pilatzea kostatzen ari zitzaien unea probestu zuten Nuñezenek errenta handitzeko; bederatzi puntu goitik ere izan ziren une batez. Hala eta guztiz ere, etxeko taldea burua altxatzen hasi zen poliki-poliki; errenta hori ISBk handitu bezain azkar txikitzen zuten Logroñokoek. Itzuli horiek ikusita, garaipena lortzeko borroka azken laurdenerako utzi zuten bi taldeek (51-56).

Gudari abantailarekin ekin zion Azkoiti-Azpeitiko taldeak. Hirugarren laurdenaren hasieran bezala, etxekoei ikaragarri kostatu zitzaien puntuak batzea, eta makurraldi hori aprobetxatu zuen berriro ISBk garaipena bideratzen hasteko. Logroñokoak artean punturik ere pilatu gabe zeudela, otsoak 11 puntura urrundu ziren. Azken segundoetara arte etxekoek ez zuten lortu lehia irabazteko borrokan sartzerik; Clavijok azken jabetzetan izan zuen bakar-bakarrik partida berdintzeko aukera.

Ordea, itxura txarra hartzen hasi zen egoera ondo kudeatu zuten ISBkoek, eta laugarren garaipena poltsikoratzeko gai izan ziren. Beste partida batez, Jordan Jermain eskolta buru zela aritu zen ISB. Jokalari estatubatuarrak hemeretzi puntu saskiratu zituen, 21 puntuko batez bestekoa lortzeko. Lider argia eta puntu iturri emaritsua ditu ISBk Jermainen besoetan.

Coto Cordoba CB eta eta UEMC Baloncesto Valladolid taldeekin lau garaipenetan berdinduta, sailkapeneko hirugarrena da gaur-gaurkoz ISB. Datorren asteburuan, hain justu, sailkapeneko liderra den Cordobako (Espainia) taldea jasoko dute etxean otsoek. Igandean jokatuko dute sailkapeneko lidergoa jokoan egongo den partida Azpeitiko kiroldegian, 18:00etan hasita.

Hirugarren porrota jarraian

Emakumeen taldeak, bestalde, galdu egin zuen larunbatean, Azkoitiko Elkargunean. Azulmarino Mallorca Palma sailkapeneko liderraren bisita jaso zuten Luis Agirre Katxi-renek bosgarren jardunaldiari zegokion partidan, eta bisitariek nagusitasunez erakutsi zuten mailaz igotzen hautagaiak direla; 59-88 irabazi zieten haiek otsoei.

Lehen laurdenean, eta kasik partida guztian zehar, bisitariena izan zen jokoaren ekimena; Mallorcako (Herrialde Katalanak) taldeak jarri zuen erritmoa kantxan. Ordea, Ines Vieira ISBko joko antolatzailea bizi agertu zen aurreneko minutuetan, eta haren puntuei esker, etxekoek bizirik eutsi zioten norgehiagokari (16-24). Lehen laurdena amaitzean zortzi puntuko errenta zena, atsedenaldirako 11 puntura luzatu zuten Mallorcakoek. Dena den, bi taldeek maila ona erakutsi zuten kantxan, eta hiruko lerrotik dezente asmatu zuten (34-45). 

Hirugarren laurdenean, ISB arerioari nola edo hala eusten moduan izan zen. Intentsitate handia erakutsi zuten bi taldeek, eta gainera, jaurtiketetan fin aritu ziren; atsedenalditik bueltan Geraldynn Leaupeperen izena nabarmendu zen beste guztien gainetik, baina haren jarduna ez zen nahikoa izan etxekoentzat aurkaria ahultzeko. Azken laurdenaren faltan, hamahiru puntu atzetik zen Azkoiti-Azpeitiko taldea (50-63).

Azken laurdenean erakutsi zuten bisitariek beren bertsiorik onena; orduan aurkeztu zuten Azkoitian igoera lortzeko hautagaitza nola gauzatu nahi duten. Erritmo geldoagoarekin aritu ziren Mallorcakoak, eta hala ISB erasoko jokoa deuseztatzea lortu zuten. Puntuetan ia hirukoiztu egin zituzten bisitariek etxekoak, eta garaipen argia lortu zuten azkenerako (59-88). 11na puntu saskiratu zituzten Vieirak eta Leaupepek zapatuan, baina portugaldarra izan zen taldeko jokalari onena, 10 puntuko balorazioa lortuta.

ISBk denboraldiari bi garaipen eskuratuta ekin bazion ere, azken hiru partidak jarraian galdu dituzte otsoek, eta hori hala, sailkapenaren erditik beherako postuetara erori dira orain. Datorren zapatuan izango dute Agirreren neskek egoera iraultzeko hurrengo hitzordua; Zamoran (Espainia) jokatuko dute haiek Recoletas Zamora taldearen aurka, 20:30ean hasita. Gaur-gaurkoz garaipenetan eta porrotetan berdinduta daude bi taldeak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide