Azken egunetan albiste batek gogora ekarri dizkigu urtero talde bezala bizitzen ditugun hainbat une eta egoera: Hernanin ez da Errege kabalkadarik egongo aurten. Antolakuntza faltagatik, urte luzez haurrei eta helduei irribarrea pizten zien ekintza hori eten egingo da.
Berri horrek zerbait garrantzitsua gogorarazten digu: tradizioak ez dira berez mantentzen. Ez daude automatikoki bermatuta, ez daude "beste norbaitek egingo du" pentsamenduaren menpe. Tradizioak bizirik daude norbaitek bere denbora, bere gogoa eta bere bihotza jartzen dituelako.
Urtero, Errege Egunaren bezperako kabalkada igaro eta gero, kaleetan horrelako "galderak" entzuten dira: "Zergatik egin dute horrela?", "nork antolatzen du hau?", "eta zergatik ez beste modu batean?". Guk, Sustatuz taldean, galdera horiei guztiei erantzun bakarra eman nahi diegu: herritik eta herriarentzat egiten dugu, ilusioz, boluntarioz, eta herriarekiko maitasunez. Ekintza horiek ez dira soilik tradizioak; elkartzeko eta bizitzeko arrazoiak dira, gure herriaren bihotza taupaka jarraitzen duela gogorarazten diguten uneak dira.
Horregatik, datorren urterako begira, zure laguntza behar dugu. Zure ideiak, zure denbora eskaintzea nahi badituzu, zatoz gurekin. Bete galdeketa hau. Ez ditzagun utzi gure ohiturak isiltzen.