Sabela bete eta lagundu, biak batean

Julene Frantzesena 2025ko urr. 25a, 14:41

Herritarrek askotariko jakiak eraman dituzte gaur goizean Kontzejupera, eta horiek saltzen aritu dira hainbat boluntario eguerdira bitartean. Asko izan dira Floreaga ikastetxeko Gazteak eta Garapena gobernuz kanpoko erakundeak antolatutako hitzordura batu direnak.

Floreaga ikastetxeko Salestar Misioak taldearen ekintzetan parte hartzen duen Gazteak eta Garapena gobernuz kanpoko erakundeak hitzordu berezia izan du gaur Azkoitian. Urtero legez, Solidaritate Pintxoa egitasmoa eta bigarren eskuko jostailuen denda jarri dute Kontzejupean, eta hainbat herritar joan dira hara.

Herritarrek askotariko jakiak eraman dituzte goizean plazara, eta hain zuzen, pintxo horiek erosteko aukera izan dute herritarrek. Beraz, sabela betetzeaz gain, egitasmoa lagundu dute. Halaber, askotariko jostailuak eduki dituzte salgai bigarren eskuko azokan. Bildutako dirua salestarrek abian dituzten misioetako umeen aldeko proiektuetara bideratuko dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide