Baztartxo antzokiak Gaua, Sablehortz kapitaina eta Greleko kondesa eta A la deriva filmak eskainiko ditu datozen egunetan. Azaroko hirugarren asteko emanaldietan euskarazko bi film ikusteko aukera izango da, gainera. Batetik, helduentzako Gaua filma emango dute; zapatuko eta igandeko 19:30ean eta asteleheneko 20:00etan eskainiko dute hura. Bestetik, haurrentzako Sablehortz kapitaina eta Greleko kondesa ikusi ahal izango da herriko antzokian; igandeko ohiko ordutegian emango dute hura, 17:30ean, alegia. Asteartean, berriz, Zinetogram taldeak hil honetarako antolatu duen zineforum saio egingo dute A la deriva filmarekin (20:00).
Paul Urkijo zuzendariaren azken lana da Gaua filma. XVII. mendean eta euskal mendietan girotu du Urkijok lan berria. Sorgin ehiza betean, Kattalinek senarrarengandik ihes egingo du baserritik gauaren erdian, eta basoaren belztasunean galduta, atzetik norbait duela sentituko du. Bidean, hiru emakumerekin egingo du topo Kattalinek. Ibaiaren ondoan arropa garbitzen duten bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak kontatuko dizkiote sorginek protagonistari. Bere harridurarako, entzundako istorio horien guztien parte bihurtuko da Kattalin.
Haurrentzako Sablehortz kapitaina eta Greleko kondesa filmak, bestalde, Raven eta Pinky lagun istorioak kontatuko ditu. Zazpi itsasoetako erregea den Sable-hortz kapitain beldurgarriarekin nabigatuko dute bi lagunek. Haien arteko adiskidetasuna, ordea, kolokan izango da, Sibylla kondesak itsasontziari eraso egin, brankako maskaroia lapurtu eta Pinky bahituko baitu. Kolpe horren atzean plan are handiagoa ezkutatuko du hark: kapitaina harrapatzea eta bere burua zazpi itsasoetako erregina aldarrikatzea izango ditu xede. Lagunaren patua eta etxea arriskuan daudela, Raven tripulazioarekin elkartuko da kondesa geldiarazteko asmoz.
A la deriva filmaren zineforum saioan, azkenik, maitasun istorioak hizpide dituen filma aurkeztuko du Zinetogramek. 2000ko hamarkadaren hasieran Txinan kokatuta, Qiao Qiaok eta Guao Binek maitasun hauskorra partekatuko dute. Guao Bin desagertu egingo da une batez beste probintzia batean zortea aurkitzeko, baina Qiao Qiaok bere bila joatea erabakiko du.