'Acosada' eta 'Tom y Jerry. Aventura en el tiempo' filmak, azaroko lehenak Baztartxon

Andoni Elduaien 2025eko urriaren 29a

'Acosada' filmaren irudi bat. (Filmaffinity)

Helduentzako filma zapatuan, igandean eta astelehenean emango dute. Aldiz, haurrentzakoa igande arratsaldean eskainiko dute herriko antzokiko pantaila handian.

Baztartxo antzokiak asteburu honetan zabalduko die oihala azaroko filmei. Datorren hileko lehen emanaldietan helduentzako Acosada eta haurrentzako Tom y Jerry. Aventura en el tiempo filmak ikusi ahal izango dira. Filmak ikusteko ordutegia ohikoa izango da oraingoan, ez baita bestelako kultur eskaintzarik izango han. Hori hala, helduentzako filma zapatuko eta igandeko 19:30ean, eta asteleheneko, ikuslearen eguneko, 20:00etan emango dute. Aldiz, haurrentzako filmaren emanaldia igandeko 17:00etan hasiko da. 

Acosada filmak bikote baten harremana kontatuko du. Julien eta Marie familia zoriontsua eta bikote sendoa dira. Ordea, Julienen bikotekide ohia berriro berarekin harremanetan jarriko da, eta horrek hautsak harrotuko ditu. Jeloskortasunak itsututa, Mariek maitasun harreman bat hasiko du Thomas bere nagusi berriarekin. Hura, ordea, bere bikote harremana baino zerbait gehiago arriskuan jartzen duen duen espiral arriskutsu batean murgilduko da.

Haurrentzako Tom y Jerry. Aventura en el tiempo filmak, bestalde, telebistako katu eta sagu mitikoek denboran zehar egindako bidaia bat erakutsiko du. New Yorkeko Metropolitan museoan egindako jazarpen zoro baten ondoren, antzinako Txinan inspiratutako eta magiaz, gerlariz nahiz izaki harrigarriz betetako urrezko hiri batera iritsiko da bikotea. Etxera itzultzeko, baina, akzioz eta umorez beteriko abentura ikaragarria biziko dute. Horretarako, etsai berriei egin beharko diete aurre.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide