Hutsik geratu diren plazak betetzeko matrikulazioa irekiko du Hizkuntza Eskola Ofizialak

Andoni Elduaien 2025ko urr. 23a, 14:41

Gaztanenea jauregian daude egun Hizkuntza Eskola Ofizialaren Azkoitiko gelak. (Alex Berasategi)

Datorren ostegunean, hilak 30, zabalduko du eskolak matrikulazio epea. Frantsesa edo ingelesa ikasi nahi dutenek eskaera egiteko aukera izango dute, bi hizkuntza horiek ikasi nahi dituztenentzako zenbait plaza bete gabe gelditu baitira hainbat mailatan.

Hizkuntza Eskola Ofizialak 2025-2026 ikasturterako hutsik geratu diren plazak betetzeko matrikulazio epe irekiko du datorren ostegunean. Udalak jakinarazi duenez, hainbat hizkuntzetako eskoletan gelditu dira plazak hutsik, eta hori hala, Hizkuntza Eskola Ofizialak matrikulatzeko epea berriro irekitzea erabaki du.

Plazen esleipena faseka egiten du eskola horrek, eta horregatik, matrikulazio aldia irailetik urtarrilera arte luzatzen du ikasturtero. Hori horrela izanda, oraindik posible da 2025-2026 ikasturterako matrikula egitea. Erakundeak esan duenez, eskolak matrikula epea ireki baino egun bat lehenago plaza hutsen zerrenda argitaratuko du Eibarko Hizkuntza Eskolaren webgunean, eta frantsesa edo ingelesa ikasi nahi dutenek eskaera egiteko aukera izango dute.

Dena den, matrikulatzeari buruzko zenbait argibide ere eman dituzte. Batetik, matrikula aurrez aurre egin behar dute interesa dutenek, eta horiek inskripzioa Eibarko eskolan edo Azkoitiko Gaztanenea jauregian egiteko aukera izango dute. Frantsesean A1, A2 eta B1 mailetan dago oraindik tokia; ingelesean, B1, B2.1 eta B2.2 mailetan eman daiteke izena, modalitate erdi presentzialean eta presentzialean daude plazak; ingeleseko C1 mailan, azkenik, presentzialean bakarrik geratzen da tokia.

Informazio gehiago nahi duenak, eoieibarheo@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezake, edo Hizkuntza Eskola Ofizialaren Eibarko egoitzara (943-89 92 75) edo Azkoitikora (943-54 16 50) deitu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide