Gari Goikoetxeak Esnatu ala hil liburua aurkezteko baliatu zuten Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskola zikloaren hirugarren hitzaldia, eta hainbat herritarren aurrean azaldu zuen hark zein den euskararen gaur egungo argazkia.
Iñaki Iurrebasorekin batera eta haren tesitik abiatuta ondu du Goikoetxeak liburua, eta bien artean euskararen egoeraren diagnosia egiten saiatu dira. Askotariko ertzak jorratu dituzte horretarako, hala hola erabilera, atxikimendua, bilakaera, sozializazioa, transmisioa eta lurralde ikuspegia.
Egilearen ustez, euskararen indarberritze prozesua aldaketa betean sartuta dago, eta orain arteko egindakotik haratago, ezinbestekotzat jo du hark beste bide batzuk jorratzea. Esnatzeko deia egin dute liburuaren bidez, hori egin ezean "atzera egiteko arrisku handia" dagoelakoan.
Goikoetxearen solasaldiarekin, amaitzear da Euskola hitzaldi zikloa, hurrengo asteazkenekoa izango baila azkena: Onintza Enbeita eta Aner Peritz bertsolariek itxiko dute zikloa, Deserosotasunak kudeatzen hitzaldiarekin. Elkarguneko Intsausti aretoan izango da saioa, 18:00etan.