Azkoitiko Gazte Asanbladak Palestinari egingo dio so asteburu honetan, taldeak gai horrekiko duen irakurketa herriratzeko eta haiek "politizatzeko" helburuz, bi eguneko egitaraua antolatu baitu. Izan ere, argi dute herritarrek Palestinaz "hitz egiten jarraitu" behar dutela: "Espero genezakeen moduan, bake hitzarmena indarrean sartu ondoren ere, Israelgo estatu terroristak palestinar herria hiltzen jarraitzen du, eta horren aurrean, ezin gara isilik gelditu", azaldu dute.
Bihar arratsaldetik larunbat eguerdira bitartean, besteak beste, hitzaldiak, artista palestinarren poesia errezitaldiak eta mobilizazioak egingo dituzte plazan bertan. Antolatzaileek adierazi dute egitarau "orohartzailea" prestatzen saiatu direla, eta "sentsibilizazioa eta politika", biak uztartu nahi izan dituzte horretarako: "Askotan, injustizien edo gai sozialen inguruko egitarauak edo mobilizazioak egiten direnean, gaia salatzera mugatzen gara. Oso erraza da esatea Palestinaren alde gaudela; lehen begiradan, guztiok gaude sentsibilizatuta gai horrekiko. Hala ere, zoritxarrez, kasu gehienetan, ez dauzkagu kontuan horrek atzetik dakartzan inplikazio politikoak".
Hori horrela, biharko hitzaldia Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideekin elkarlanean eskainiko dute, eta lehen zatian ikuspegi historikoa azalduko dute; hau da, "gatazka kolonialaren karakterizazioa eta faseak" gogoratuko dituzte, eta ondoren, "gaur egungo egoera ulertzeko gakoak" emango dituzte. Horrez gain, Euskal Herrian "sionismoak dituen konplizeei" buruz ere hitz egingo dute, eta ondorio politikoak aterata itxiko dute solasaldia.
Bihar gauean, berriz, poesia errezitaldi musikatua egingo dute, eta hain zuzen,
Samih al-Quasim, Rafeef Ziadah eta Yaffa As poeta palestinarren poemak errezitatuko dituzte euskaratuta eta musikaz lagunduta. AGAk jakinarazi duenez, palestinarrak eta kolonizatuak izatearen ondorioz pairatutako pasarteak kontatzen dituzte artista horiek bihar entzun ahal izango diren poemetan.
Larunbatean, berriz, mobilizazioarekin itxiko dute bi eguneko egitarau.
Palestinar erresistentziaren defentsa, Israelen "suntsipena" eta "bi estatuen aterabidearen ezintasuna" aldarrikatuko dute bertan: "Palestinaren aldeko borrokari buruz hitz egiten dugunean ezinbestekoa da, gure ustez, aldarri hauen pean egitea. Ez badugu hala egiten, Israelen existitzeko zilegitasuna onartzen ariko ginateke", azpimarratu dute.
Hemen AGAk prestatu duen egitarau osoa:
Bihar, ostirala:
- 18:30. Hitzaldia.
- 20:00. Afari autogestionatua.
- 21:00. Poeta palestinarren poesia errezitaldi musikatua.
- 22:30. Desgaraian taldearen kontzertu akustikoa.
Etzi, zapatua:
- 10:30. Palestinar erresistentziaren inguruko erakusketa.
- 12:30. Mobilizazioa.