'Esnatu ala hil' liburua aurkeztuko du Gari Goikoetxeak Euskola zikloaren hirugarren hitzorduan

Andoni Elduaien 2025ko urr. 21a, 12:15

Gari Goikoetxeak aurkeztuko du Iurrebasok eta biek kaleratu duten liburua. (Elkar)

Iñaki Iurrebasok eta Gari Goikoetxeak ondu duten liburua aurkeztuko du bihar Goikoetxeak. Elkarguneko Intsausti aretoan izango da aurkezpena, 18:00etan. Euskararen diagnostikoa du oinarrian Esnatu ala hil liburuak, eta diagnostikoari buruz nahiz ondorioez hitz egingo du hark.

Gari Goikoetxea idazleak Esnatu ala hil liburua aurkeztuko du bihar, asteazkena, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskola hitzaldi zikloaren barruan. 18:00etan hasiko da Goikoetxearen aurkezpena, Elkarguneko Intsausti aretoan. Biharkoa hitzaldi zikloaren barruko hirugarren saioa izango da. 

Iñaki Iurrebasok eta Goikoetxeak ondu dute liburua, euskararen diagnostiko bat egin ahal izateko. Besteak beste, euskararen osasun egoera nolakoa den aztertu dute, "norantz goazen ulertzeko". Zazpi atal ditu diagnostiko horrek, eta bakoitzeko gako nagusiak azalduko ditu Goikoetxeak biharko aurkezpenean.

Alde batetik, oinarrizko hiru adierazleri buruz duten ikuspegia azalduko du, hizkuntzen egoera azaltzeko erabili ohi direnak, hala nola gaitasuna, erabilera eta atxikimendua. Bestetik, hizkuntzaren bilakaerari eragiten dioten oinarrizko hiru prozesu aurkeztuko ditu; horien artean nabarmenduko ditu hizkuntza bilakaera, sozializazioa zein transmisioa eta erabilera demografikoa. Azkenik, lurralde ikuspegiaz arituko da Goikoetxea.

Esnatu ala hil liburuaren oinarrian Iurrebasoren tesia dago, euskalgintzan azken urteetan zeresan handia eman duen tesia. "Lan hori gaurkotu egin dugu, azken datuekin, eta batez ere irakurgarri egitea izan da erronka: edozein euskaltzalek eroso irakurtzeko eta ulertzeko moduko liburua egitea. Saioaren helburua ere hori da: euskararen egoeraren nondik norako nagusiak ulertzea", esan du Goikoetxeak.

Aurkezpena ixteko, ondorioez hitz egingo du liburuaren egileak. Hain justu, honakoa esan du hark atera dituzten ondorioen bueltan: "Euskararen indarberritze prozesua aldaketa garai batean sartuta dago. Orain arte egindakoarekin nekez emango ditugu aurrerapauso gehiago, eta beste bide batzuk jorratu beharrean gaude: egoeraz ohartu, diagnostikoak partekatu eta neurriak hartu". Horregatik eman diote kaleratu duten liburuari Esnatu ala hil izena. "Esnatzeko deia egin nahi dugu, hori egin ezean atzera egiteko arrisku handia dugu eta".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide