Haritz Aranguren Norde harri jasotzaile azkoitiarrak Euskadiko Kintopeko Txapelketa irabazi zuen igandean, Mungian (Bizkaia). 21 urtez azpiko harri jasotzaileen txapelketa jokatu zuten han hiru kirolarik: Aranguren azkoitiarrak, Oier Azpeitiak eta Aratz Zubeldiak, azken biak zarauztarrak
Guztira, bi lan egin behar izan zituzten hiru kirolariek, eta azkoitiarra zarauztarrak baino gehiago izan zen. Aurreneko lanean 100 kiloko zilindro zaharrarekin aritu behar izan zuten hiru harri jasotzaileek, eta bigarrenean, 100 kiloko kubikoarekin. Bi lanak gauzatzeko hiru minutuko txanda bana izan zuten kirolariek, eta bietan nagusitu zen Norde.
100 kiloko zilindro zaharrari 30 altxaldi eman zizkion Nordek, 22 Azpeitiak eta hemeretzi Zubeldiak. 100 kiloko kubikoari, bestalde, hogei altxaldi eman zizkion Nordek, hamasei Zubeldiak, eta hamabost Azpeitiak. Bi lanetan lortutako altxaldi kopurua batuta, harri jasotzaile azkoitiarrak dezenteko aldea atera zien beste biei: Nordek 50 altxaldi lortu zituen, 37 egin zituen Azpeitiak eta 35 Zubeldiak. Hala lortu zuen txapela janztea azkoitiarrak.