Ikusmina piztu du Hafsa Fenehara abokatuaren hitzaldiak

Andoni Elduaien 2025ko urr. 21a, 09:07

Elkarguneko Oteiza aretoan jende ugari bildu zen atzo arratsaldean. (Azkoitia Bai)

Etxebizitza lortzeko eskubideaz, erroldaz eta herrira iritsi berriez hitz egin zuen hark, aretoan elkartu ziren dozenaka lagunen aurrean. Azkoitia Bai herri plataformak Xiximaxan egitasmoaren barruan antolatu zuen atzoko saioa.

Azkoitia Bai herri plataformak antolatuta, Hafsa Fenehara abokatuak hitzaldia eskaini zuen atzo, astelehena, Elkarguneko Oteiza aretoan. Etxebizitza lortzeko eskubideaz, erroldaz eta herrira iritsi berriez hitz egin zuen hark, aretoan elkartu ziren dozenaka lagunen aurrean. Jose Joakin Etxaniz, Nerea Machado eta Janire Astigarraga zinegotziak izan zituen hark bidelagun.

Herri plataformak duela hilabete batzuk martxan jarri zuen Xiximaxan egitasmoaren barruan egin zuten atzoko hitzordua. Gaiari tiraka, Feneharak esan zuen Azkoitian bizi diren zenbait lagunek erroldatzeko zailtasun handiak dituztela, eta horrek ondorio larriak dakartzala haientzat. Esaterako, azaldu zuen dokumentu horiek gabe pertsona batek ezin dituela bere haurrak hezkuntzara bideratu, edota Lanbideko ikastaroak egiteko ere zailtasunak izan ohi dituela. 

Abokatuak esan zuen errolda eskatzeko bidea ez dela soilik urratzen udaletxera joanda eta han agiria eskatuta. Feneharak esan zuen egun Azkoitian bizi den pertsona batek "beste modu asko" dituela herrian dagoela egiaztatzeko; inoiz Osakidetzara jo izana edota herriko elkarte edo eragile bateko boluntarioa dela adieraztea jarri zituen hark adibide gisa. Era berean, ordea, abokatuarentzat "oso garrantzitsua" da udaletxera errolda eskatzera jotzea. Haren arabera, pertsona batek ez badu errolda lortzen, gerora "ezinbestekoak" izan ohi dira harentzat errolda ukatu zaiela adierazten duten dokumentuak aurkeztea.

Errolda etxebizitzaren gaiarekin ere uztartu zuen abokatuak. Etxebizitza lortzeko dauden arazoak azpimarratu zituen Feneharak, baina, batik bat, alokairurako eskaintza ezaz jardun zuen. Hizlariak nabarmendu zuen pertsona guztiak zaku berean sartzen dituela, oro har, gizarteak, eta ikuspuntu horrek zuzen-zuzenean eragiten dietela Azkoitira iritsi berriei; izan ere, ikuspuntu horrek sortutako arrazoiak eta kezkak medio, jendeak etxea alokairura ateratzeari utzi dio. Horri, gainera, zera gehitu behar zaiola akordarazi zuen: etxebizitza gabe, erroldarik ez dagoela, eta erroldarik gabe, oinarrizko eskubideetara sarbiderik ere ez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide