Etzi, astelehena, egingo dituzte azaroko lehen odol ateraldiak, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Osakidetzako erizainek arratsaldez egingo dituzte ateraldiak datorren hileko lehen hitzorduan, 16:30etik 20:30era bitartean, hain zuzen.
Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak hasita daude herritarrei astelehenerako hitzorduak ematen. Dena den, odola inoiz eman ez dutenek ere badute odola ematen hasteko aukera. Emaile izan nahi dutenek edo odol ateraldien funtzionamendua zein den hobeto ezagutu nahi dutenek 610 11 21 45 telefono zenbakira deitu behar dute.
Urriaren 13an egin zituzten azkenekoz odol ateraldiak, eta orduan, 89 odol poltsa bildu zituzten. Etziko hitzorduaren ondoren, azaroaren 24an izango dute odol emaileek hil honetako bigarren hitzordua, eta orduan ere arratsaldez arituko dira Odol Emaileen Elkarteko kideak herritarren odola biltzen, 16:30etik 20:30era, alegia.