ISBko gizonek gozo hasi dute denboraldia. Atzo, igandea, sasoiko hirugarren partida jokatu zuten eta hura ere irabazi egin zuten, aurreko biek bezala. Circulo Gijon Baloncesto taldearekin neurtu zituzten indarrak Iñigo Nuñezen gizonek, eta 80-73 irabazi zuten.
Aurreneko bi laurdenak parekatuak izan ziren. Hasi eta berehala bost puntuko errenta lortu zuten bisitariek, baina, poliki-poliki, Nuñezenek berdintzera egin zuten. Puntu gutxiko laurdena jokatu zuten ISBk eta Xixongoek, 13na berdindu zuten eta. Bigarren laurdenean, berriz, otsoek hartu zuten aginte makila, eta sei puntura urruntzeko gai ere izan ziren. 25 puntutan berdindu ziren laurdenaren erdialdean, eta harrezkero, etxekoak nagusitu ziren bai jokoan, bai markagailuan. Nolanahi ere, atsedenaldirako hiru puntuko abantaila besterik ez zuten lortu otsoek (34-31).
Aldageletatik bueltan, lehen minutuak izan ziren orekatuenak; izan ere, laurdenaren erdiaren ondoren hautsi zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak partida. Erasoko jokaldi onak defentsakoei uztartzen asmatu zuten Nuñezenek, eta hala, laurdena hamahiru puntuko errentarekin itxi zuten (62-49). Azken laurdenak, berriz, bestelako joera izan zuen. Hamar-hamabi puntuko aldea izan zuen ISBk azken zati horren hasieran, baina Xixongoek pixkanaka-pixkanaka lortu zuten etxekoen jokoa kamustea, eta bi puntura arrimatu ziren. Hala eta guztiz ere ISB ez zen guztiz urduritu, eta hirugarren garaipena poltsikoratzeko gai izan zen taldea. Garaipena lortzeko ezinbestekoa izan zen etxeko mutil baten lana. Mikel Olaizola eskoltak hamasei puntu saskiratu zituen eta 25 puntuko balorazioa eskuratu.
Liga tarte batez alboan utzita, Espainiako Kopako final hamaseirenetako kanporaketa jokatu du Biele ISBk etzi, asteazkena, Azpeitiko kiroldegian; 20:00etan hasiko da lehia, eta otsoek CB Toledo Basket izango dute arerio. Bigarren FEB mailan ISBren atzetik da sailkapenean, bi garaipen eta porrot batekin. Lehia irabaziz gero, azaroaren 18an edo 19an jokatuko luke ISBk final zortzirenetako kanporaketa. Hortik aurrerakoak, berriz, urte berrirako utzi beharko lituzke Azkoiti-Azpeitiko taldea. Final laurdenak 2026ko urtarrilaren 7an dira jokatzekoak, eta lau talde onenek urtarrilaren 23an eta 24an jokatuko lukete lauko finala.
Ligari dagokionez, Reina Proteinas Clavijo taldearen kantxa bisitatuko dute otsoek igande eguerdian (12:00); Logroñoko Errioxako kirol jauregian arituko da ISB. Garaipenik lortu gabe dagoen taldea da oraingoz Clavijo, eta Azkoiti-Azpeitiko taldea laugarrena lortzen saiatuko da, UEMC Baloncesto Valladolid eta Coto Cordoba CB taldeekin batera sailkapenaren buruan jarraitzeko.
Kale bigarrenez
Luis Agirre Katxi entrenatzaileak gidatzen duen Domusa Teknik ISB taldeak, bestalde, galdu egin zuen zapatuan, Sevillako San Pablo udal kirol jauregian. 79-71 makurtu behar izan zuen burua Azkoiti-Azpeitiko taldeak Cajasol Sevilla Baloncesto taldearen aurka.
Bigarren zatiko jokaldi puntualek ebatzi zuten partida han; izan ere, aurreneko bi laurdenak oso-oso parekatuak izan ziren; ISBk puntu bateko errenta eraman zuen atsedenaldian aldagelara (42-43). Ordea, hiru puntu atzetik itxi zuten hirugarren laurdena etxekoak, eta amaieran, zortzira zuten lehia.
Jone Azkue izan zen ISBko taldekide onena; hogei puntu saskiratu zituen hark eta 21 puntuko batez bestekoa lortu zuen. Datorren zapatuan jokatuko dute ligako bosgarren partida Azulmarino Mallorca Palma taldearen aurka. Azkoitiko Elkargunean jokatuko dute partida hori zapatuan, 17:30ean.