Palestinar erresistentziaren aldeko mendi erronka antolatu du Urola Erdiko GKSk azaroaren 1erako. Larunbat horretan, erronka zirkularra egingo dute 06:00etan abiatuta; hain zuzen ere, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako 11 mendi igoko dituzte parte hartzaileek. Zehazki, palestinarrek beren burua defendatzeko duten eskubidea aldarrikatuko dute eta palestinar erresistentziari babesa adierazi.
54 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta igoko duten tontor bakoitzean Palestinako bandera bana jarriko dute. Ibilbidea zatika egingo dute, norbanakoen eta herriko eragileetako kideen parte hartzearekin. GKSk esan duenez, izena ematerakoan jakinaraziko dituzte ibilbidearen zatiak zeintzuk diren. Izena emateko aukera datozen hiru asteburuetan eskainiko dute, horretarako jarriko dituzten postuetan –ez dute zehaztu non eta noiz jarriko dituzten–.
Erronkaren deitzaileek azaldu dutenez, Trumpek eta Israelek diseinatutako "bake akordioak" palestinar herria desagertzea bilatzen du: "Gaza gune kapitalista bilakatzea nahi dute oligarkiaren mesedetan". Haien hitzetan, bake akordioa "iruzurra" da, besteak beste, Israelek hamarnaka palestinar erail dituelako azken egunetan. Gainera, Palestinaren inguruko erabakiak AEBk eta Israelek hartu nahi dituztela salatu dute.
Mendi erronkaren bidez Israelen "suntsipena" aldarrikatu nahi dutela adierazi dute, "sortu zenetik estatu kolonizatzaile eta espantsionista" izan delako. Halaber, beharrezkotzat jo dute mendebaldeko herrialdeei presioa egitea, "Israelekin harremanak dituzten enpresak zein gobernu konplizeak seinalatzeko eta harremanak etetea exijitzeko". Izan ere, haien hitzetan, modu horretan lortuko dute "Israel ahultzea eta Palestinako herri langilea indar korrelazio hobean" egotea.