Puntua batu du Anaitasunak etxean

Andoni Elduaien 2025ko urr. 20a, 10:22

Oihan Etxaniz Anaitasunako jokalaria baloiarekin. (Anaitasuna)

Lehen zatiaren erdialdean hartu zuen aurrea Anaitasunak Galder Guembek egindako golari esker, baina neurketa amaitzeko ordu laurdena falta berdindu zuten lehia Lesakakoek. Emakumeek, bestalde, porrot gogorra jaso zuten etxetik kanpo.

Anaitasunak bana berdindu zuen zapatuan, Txerloian, Lesakako (Nafarroa) Beti Gazte taldearen aurka. Etxean hirugarren garaipena jarraian lortu eta sailkapenaren lehen postuei eustea zen gorritxoen nahia, baina aurrean izan zuen taldeak lanak asko zaildu zizkien Loren Barbadorenei. 

25. minutuan Galder Guembek lortutako golari esker lortu zuen Anaitasunak markagailuan aurretik jartzea, eta abantaila horrekin hartu zuten aldageletarako bidea atsedenaldian bi taldeek. Ordea, atsedenalditik bueltan, aldatu egin ziren kontuak Txerloian. Anaitasunak ez zuen lortu abantaila bikoiztea, eta hala, Lesakakoek lehia amaitzeko ordu laurdena falta zenean egin zuten lehia berdintzeko gola. 

Bi taldeak puntuetan berdinduta zirela iritsi ziren zapatuko hitzordura, eta zapatuan bana pilatuta, pare parean jarraituko dute biek, gutxienez, beste aste batez. Sei partidatan 11 puntu batu ditu Anaitasunak, eta sailkapeneko bosgarrena da, Real Union sailkapen buruagatik lau puntu eskasera. Datorren asteburuan, Elgoibarko (Gipuzkoa) Mintxeta zelaian jokatuko du Anaitasunak. Borja Rotxa entrenatzaile azkoitiarrak zuzentzen duen taldearen aurka ariko dira Barbadorenak nor baino nor gehiago; egun, Anaitasunak baino puntu bat gutxiago du Elgoibarrek.

Barakaldon porrota

Iñigo Oruesagastik zuzentzen duen emakumeen taldeak, bestalde, galdu egin zuen atzo arratsaldean Pauldarrak taldearen aurka, Barakaldon (Bizkaia). Goiz jaso zuten gorritxoek etxeko taldearen lehen gola, seigarren minutuan, hain zuzen. Hori gutxi ez, eta atsedenaldirako etxekoek lehia guztiz ebatzita utzi zuten, beste hiru gol eginda. Lau eta hutsekoarekin, bigarren zatian hobeto eutsi zion Anaitasunak kontrarioari berdegunean, baina, hala eta guztiz ere, Barakaldokoek beste bi gol eginda borobildu zuten arratsaldea. 

Bost jardunaldiren ondoren, sailkapeneko hamalaugarren postuan da Oruesagastiren taldea, hiru punturekin. Datorren asteburuan, puntuetan berdinduta dagoen Bizkeneskak taldea izango du aurkari Anaitasunak. Zinez partida garrantzitsua jokatuko dute gorritxoek etxean.  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide