Bizilore eskolak antolatuta, bigarren eskuko azoka egiten ari dira Kontzejupean. Ohi gisan, haurrentzako zein helduentzako arropa, osagarriak, etxetresnak zein umeentzako jostailuak eskuratzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. 10:00etan ireki dute azoka, eta zabalik izango da 19:30 bitarte.
Bizilorek Birziklatu, berrerabili, murriztu! lelopean antolatzen du bigarren eskuko azoka, kontzientziazioa xede. Horrez gain, bitarteko bezala ere erabiltzen dute egitasmoa; izan ere, ikastetxea autogestionatua da, eta bere proiektua sostengatzeko bide ere bada azoka, haren finantzaketara bideratzen baitute han bildutako dirua.