Jon Orbegozo: "Kirolaz beste era batera gozatzen hastea nahiko nuke denbora batez behintzat"

Julene Frantzesena 2025ko urr. 20a, 15:30

Jon Orbegozo joan zen igandeko finala irabazi berritan. (Utzitakoa)

Bigarrenez irabazi du Jon Orbegozok (Azpeitia, 1984) 35 urtetik gorakoen Euskadiko Tenis Txapelketa. Egindako lanarekin gustura dago Txerloia tenis klubeko kidea; lortutakoarekin "gozatu" nahi du. Epe motz-ertainean ez du beste txapelik lortzeko lehian aritzeko asmorik, baina urte bukaerarako teniseko monitore titulua eskuetan izan nahi du.

Euskadiko txapela jantzi berri duzu. Espero al zenuen txapelketa irabazterik?

Egia esan ez nuen irabazterik espero, ez fisikoki eta ez jokoz, nire burua ez nuelako horrelako txapelketa batek eskatzen duen mailan ikusten. Baina era berean, lehiakorra izan nahi nuen; aurkariei gauzak zail jartzeko gaitasuna banuela uste nuen, eta horrela hasi nuen txapelketa.

Zer moduzko partida izan zen finalekoa? Izan ere, lehen seta galdu egin zenuen…

Oso gogorra izan zen finala. Aste berean jokatzen nuen bosgarren partidua zen, eta ia hiru ordu iraun zituen. Aurreneko set-ean 5 eta 2 aurretik jartzea lortu nuen, baina eskuineko eskuko bi hatzetan eta ezkerreko hanka azpian zauriak ireki zitzaizkidan, eta muskularki ere justu sentitzen nintzen, indarrez hustuta bezala. Aurkariak merezimendu osoz eman zion aurreneko set-ari buelta, eta 5 eta 7 irabazi zidan. Set-en arteko atsedenaldian buelta eman nion gorputzari, eta bigarren set-ean 3 eta 3ra arte eutsi egin nion. Dena den, muskularki ezin nion erritmo hari eutsi, eta 3 eta 5 jarri zen aurkaria aurretik. Orduan erabaki nuen jokatzeko moldea aldatu beharra nuela, erasokor jokatu behar nuela, eta bi macth ball aurka izan arren, joko erasokorrarekin partidari buelta emate lortu nuen.

Joko erasokorra izan zen gakoa, beraz?

Bai, joko erasokorra eginez, tanto guztietan iniziatiba nik izan behar nuela esaten nion neure buruari, kikildu gabe jokatu behar nuela. Ohikoa baino gehiago arriskatu behar izan nuen, eta puntu motzagoak jokatzea izan zen gakoa. Horrela jokatzeak ez du beti emaitza ona ematen, baina joan zen igandean ia guztia ondo atera zitzaidan.

2023an ere irabazi zenuen Euskadiko Txapelketa. Bigarren aldiz irabazteak poz doblea ematen al du?

Bi txapelketek eman didate ikaragarrizko poza, baina era desberdinean. 2023an teniserako fisikoki eta jokoz inoiz egon naizen mailarik onenean nengoen. Gainera, mimoz prestatu nuen txapelketa, astean hiruzpalau entrenamendu eginez, eta irabaztea lortzeko motibazioz gainezka nengoen. Baina txapelketa baino hiru aste lehenago, 20 urtez gure etxean bizi izan zen, bi anaiok hazi gintuen eta bigarren amatzat genuen izeba hil zen bularreko minbiziaren ondorioz. Txapelketa, beraz, irabazteko motibazio izatetik irabazteko obligazio izatera pasatu zen nire buruarentzat; izan ere, hari eskaini nahi nion garaipena. Emozioz betetako txapelketa izan zen niretzat, eta asko kostatuta eta azken bi partidetan atzetik ibili arren buelta ematea lortuta, irabazi egin nuen. Oso hunkigarriak izan ziren momentu haiek niretzat. 2023an, ordea, txapelketa bakarrik bizi izan nuen; izan ere, Gasteizen izan zen eta semeak zazpi hilabete baino ez zituen. Aurtengoan, berriz, emaztea eta bi seme-alabak nirekin egon dira txapelketatako partidetan, eta egia esan, oso polita izan da haiek han zirela irabaztea. Bizitza guztirako oroitzapenak utzi dizkit txapelketak.

Hirugarren txapela lortzen saiatuko al zara datorren urtean?

Epe motz-ertainean ez daukat asmorik. Lehiakorra izan nahi horrek, irabazteko hautagai izateak eta neuri buruari ezartzen diodan presioak neke mental handiegia eragiten dit. Kirolaz beste era batera gozatzen hastea nahiko nuke denbora batez behintzat.

Txapel batzuk pilatu dituzu dagoeneko... Gogoangarririk bai?

2023ko Euskadiko Txapelketakoa izan da lortutakoen artean gogoangarriena azaldu ditudan arrazoiengatik, baina aurtengoa izan da politena eta lortzeak meritu gehien izan duena.

Irabazi nahi zenukeen txapelik bai?

Errealistak izanda, uste dut ez dela posible lortutakoa baino gehiago lortzea. Beraz, lortutakoarekin gozatzea besterik ez zait geratzen.

Futbolean aritu zinen hainbat urtez, eta gerora hasi zinen tenisean. Zer dela eta?

Bai, 34 urtera arte futbolean aritu nintzen, baina txiki-txikitatik raketarekin frontoian ordu asko pasatutakoa naiz, bai anaiarekin, bai lagunekin. Tenisa beti izan dut gustuko; asko ikusten nuen telebistan. Esaterako, gogoan daukat 1994an Alberto Berasategik jokatu zuen Roland Garroseko finala. Tenisa probatzen, baina, 16-17 urterekin hasi nintzen, eta urteetan tenisean jarduten nuen futbol denboraldia amaitu eta hurrengoa hasi bitartean. 2008an, adibidez, Txerloiko txapelketan parte hartu nuen erdi ezkutuan, baina finalera iritsi nintzenez, Lagun Onakeko orduko entrenatzaileari, Aitor Zulaikari, esan egin behar izan nion. Final hura jokatzeko esan zidan, baina "aurrena eta azkena" izango zela. Finala irabaztea lortu nuen, baina 2019. urtera arte ez nuen berriz txapelketa batean parte hartu. Hain zuzen, 2019tik ari naiz tenisean jarraikortasunez.

Txerloia tenis klubeko kidea zara. Zer osasun du taldeak?

Ainhoa Peñak eta Mari Karmen Zendoiak urte askoan mimoz eta dedikazio handiz egindako lana bere fruituak ematen ari da azken urteotan. Gaur egun, 250 lagun –ume zein heldu, neska edo mutil– ibiltzen dira klubeko ikastaroetan. Teniserako afizio handia dago Azkoitian, eta taldera batzeko itxaron zerrenda dago. Urtez urte hazten joan da tenisa Azkoitian, eta Garbiñe Muguruza pista estalia egitea ere lortu zuen klubak; Gipuzkoan dagoen pista estalirik ederrena dela esango nuke, gozamena da han jokatzea.

Tenisari lotuta, etorkizunerako zer helburu dituzu?

Teniseko monitore titulua ateratzen ari naiz, eta abendurako titulua eskuetan izan nahi nuke. Teorikoak ziren bloke komunak eta bloke zehatzetako azterketak eta gaitasun froga teknikoa gaindituta ditut, eta Donostian ari naiz praktikak egiten. Buruan dabilkit Azpeitian teniserako kulturari edo ohiturari bultzada emateko ahalegina egiteko ideia. Izan ere, duela urte batzuetara arte Azpeitian ez zegoen tenis klubik, baina Iñaki Etxanizek Oñatz tenis kluba sortu zuen, eta ordutik egin duen lan bikaina tarteko, bizirik segitzen du proiektuak. Hori horrela izanik, klubari jarraipena ematea edo proiektu berri bat martxan jarri nahiko nuke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide