28 bikotek jokatuko dute bihar Elosuko binakako pilota txapelketa azkarra

Andoni Elduaien 2025ko urr. 17a, 12:32

Elosua auzoko frontoia. (Guka)

08:00etan hasiko dute bihar txapelketa, eta arratsaldeko azken ordura arte luzatuko dute. Guztira, 28 bikotek eman dute izena, eta Elur-Mendi elkartekoak gustura agertu dira jendearen parte hartzearekin. Auzoa eta auzo elkartea suspertzea dira antolatzaileen nahiak.

Elosua auzoan binakako esku pilota txapelketa azkarra jokatuko dute bihar, larunbata. Auzo horretako Elur-Mendi elkarteak antolatu du aurrenekoz txapelketa Azkoitiko eta Bergarako (Gipuzkoa) udalen laguntzarekin, eta bihar bertan hasi eta bukatuko dute.

Auzoa, eta, bereziki, auzo elkartea suspertzea dira antolatzaileen nahiak. "Auzoa nahikoa hilda edo hutsik dago taberna itxi zenetik, eta elkartean ere galerak gehiago dira irabaziak baino urriaren 12an auzoan izan ohi zen feria egiteari utzi zitzaionetik. Hori hala, elkartearentzako diru-sarrera bat lortzeko asmoz antolatu dugu txapelketa", azaldu du Julen Muguruza Elur-Mendi elkarteko ordezkariak.

Txapelketa aurrenekoz egingo dutela aintzat hartuta, jende ugarik eman du izena, eta antolatzaileek balorazio positiboa egin dute. Guztira, 28 bikotek eman dute txapelketan aritzeko izena; lau dira emakumeek osatutakoak, eta 24 gizonenak. Besteak beste, Azkoitiko, Bergarako, Antzuolako eta Arrasateko herritarrek eman dute txapelketarako izena. Julen Muguruzak azaldu duenez, "denera" zabaldu da pilota txapelketaren berria. "Bailararen alde batera zein bestera zabaldu da izen-ematea. Ez genuen uste horrenbeste bikotek emango zuenik izena. Ordea, izena lagun gehiagok eman izan balu ere, nahikoa larri ibiliko ginatekeen txapelketa egun bakar batean jokatzeko". 

Luzea bezain azkarra

Bikote horiek guztiek sei multzotan banatuta ekingo diote txapelketari. Multzokako fasean, multzoko bikote guztiek beren artean jokatuko dituzte partidak, eta onenek final zortzirenetara egingo dute jauzia. Ondoren, final laurdenetako eta finalerdietako kanporaketak jokatuko dituzte, eta arratsaldeko azken orduan, finalak. Hain zuzen, 19:30ean hasiko da emakumeen finala, eta 20:30ean, gizonena. 

Finalera heltzeko, baina, hasi egin behar lehenago. Goiz abiatuko dute txapelketa, 08:00etan entzun eta ikusi ahal izango dira-eta aurreneko pilotakadak auzoko pilotalekuan. Lehiak luze joko du, baina, era berean, bizi joango da; izan ere, antolatzaileek 'azkarra' deitura eman diote biharko hitzorduari. Hori hala, partida bakoitzerako hamar minutuko txanda izango dute pilotariek; pilotariek bi minutu izango dituzte beroketa ariketak egiteko, eta beste zortzi minutu, jokatzeko.

Formatu bereziko txapelketa izango da, puntu banaketa sistema ezarri baitute antolatzaileek. Partida guztiak hamabi tantora jokatuko badituzte ere, zortzi minutu jokatu eta lehia berdinduta badago, puntu bana emango diete bikoteei. Aldiz, bi puntu jasoko ditu hamabi tantora heltzen den bikoteak edo zortzi minutu horiek amaitzean aurretik doanak.

Aurtengo arrakasta ikusita, aurrera begira binakako pilota txapelketa antolatzen jarraitzeko asmoa azaldu dute Elur Mendi elkartekoek. "Larunbateko eguna ondo ateratzen bada, urtero egiteko asmoa dugu elkartean", esan du Muguruzak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide