Gipuzkoako zentro guztiak zaintza eredu berriaren aterpean bateratuko dituen gida osatu dute

Ihintza Elustondo 2025ko urr. 17a, 13:30

Zaintza eredu berriaren aurkezpena, Donostian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Zaintza eredu berria egikaritzeko bidean, Gipuzkoa osoarentzat balioko duen gida bat prestatu du aldundiak, hainbat eragilerekin elkarlanean. Lurraldean 65 zentro daude, eta horietako bakoitzean diagnostiko bat garatu eta hobekuntzak egiteko bide orria jarriko dute martxan. Joseba Illarramendi Zestoako San Juan fundazioko zuzendariak adierazi du zentro guztiak eredu batean biltzen dituela gida berriak eta hori "oso albiste" ona dela. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintza eredu berriaren aurkezpena egin du gaur goizean, Donostian, aldundiaren prentsa aretoan. Azken urteetan lurraldeko zentroetan martxan jartzeko eredu berri bat lantzen aritu da aldundia, zaindua izan behar duen pertsona erdigunean jartzea eta haren beharrak kontuan hartzea helburu izango dituena. Gaur, bide horretan egin duten beste urrats bat aurkeztu dute: zentro guztietarako baliagarria izango den gida bateratua, hain zuzen ere. 

Aldundiaren izenean, Eider Mendoza ahaldun nagusiak eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak parte hartu dute agerraldian, baina haiek nabarmendu dutenez, elkarlan baten emaitza da egin duten lanketa prozesua. Hori horrela, bidelagun izan dituzte agerraldian beste bi pertsona: Joseba Illarramendi Zestoako San Juan fundazioko zuzendaria eta Carmen Estebanez Pasaiako egoiliar baten senidea. Denen artean azaldu dituzte eredu berriaren eta martxan jarriko duten prozesuaren xehetasunak. 

Mendozak testuinguruan jarri du gaur aurkeztu duten eredua, eta adierazi du lurraldeko Gizarte Zerbitzuek gero eta erabiltzaile gehiago dituztela eta hori "erronka handia" dela aldundiarentzat. Era berean, egoitzetan dauden egoiliarrek etxean egongo balira bezala zainduak izatea nahi dutela nabarmendu du, eta bide horretan egin nahi dituela erakundeak urratsak, adinekoen "eskubideak eta duintasuna errespetatuz". 

Oinarri horiek izango dituen zaintza eredu berrira bidean, Gipuzkoa osoarentzat balioko duen gida bat prestatu dute. "Iraultza handi bat da hori", esan du Mendozak. Ildo beretik, Peñak ere nabarmendu du "egun garrantzitsua" dela gaurkoa. Izan ere, bide orri berriarekin, zaintza ereduaren aldaketa egikarituko dela azpimarratu du hark, "pertsona erdigunean" jarrita. Egoiliarraren asistentzian oinarritutako eredu zaharkitua atzean utzi, eta akonpainamenduan oinarritzen den eredua martxan jartzea da helburua. 

Diagnostikoa eta bide orria

Nola jarriko dute martxan, baina, tokian-tokian gida hori? Datozen hilabeteetan, eraldaketa plana lurralde osora zabalduko dute. Horretarako, bilerak antolatuta dituzte zentro guztiekin. Lehenik eta behin, diagnostikoa egingo dute horietako bakoitzean, eta diagnostiko horretatik ondorioztatuko dute zer behar dituen zentro bakoitzak, zaintza eredu berrira bidean urratsak egiteko: batzuetan antolaketa hobetu beharko da, beste batzuetan langileen formakuntza sustatu beharko da... Emaitza horiek oinarri hartuta, bide orri bat prestatuko dute, eta pixkanaka hobekuntzak gauzatuko dituzte zentro bakoitzean. 

Etengabe ebaluatuz joango dira aldaketa horiek, zer moldatu behar den ikusteko eta emaitzak baloratzeko. Peñaren esanetan, helburua da 2026a amaitzerako Gipuzkoako zentro guztiek diagnostiko pertsonalizatua eginda izatea eta bide orri propioa martxan izatea. Guztira 65 zentro daude Gipuzkoan, eta horietako hamar ingurutan dagoeneko gauzatu dute diagnostikoa. Aldundiak lantalde bat du osatuta diagnostiko horiek gauzatzeko. 

"Guztientzako marko bat"

San Juan fundazioko Illarramendik hartu du hitza ondoren. Hark gogoratu du duela 22 urte hasi zela Zestoako San Juan fundazioa zuzentzen –irabazi asmorik gabeko fundazioa da–, eta garai hartan, era askotakoak zirela egoitzak: "Batzuk udal egoitzak ziren, besteak fundazioak, Matia, Kabia… Nik uste dut inoiz ez dugula eduki denok batera integratzen gaituen markorik, eta gaur aurkezten dugun gida honek integratzen gaitu eredu batean. Orain arte bakoitza bere aldetik ibili gara, erreferentziarik gabe. Hemendik aurrera, eredu bat daukagu denontzat balioko duena. Albiste ona da".

Illarramendik adierazi du "oso ondo landutako eredua" dela. Adibide gisa, Zestoako egoitza jarri du, eta beren egoitzako "mugarriaz" hitz egin du. Gogoratu du, duela urte batzuk, ariketa bat egin zutela, eta langile bakoitzak bere buruari galdetu ziola: "Nik, zaindua izaten naizen egunean, nola zaindua izatea nahi dut? Non eta nola?". Orduan konturatu ziren jendeak "etxean bezala" sentitu nahi duela egoera horretara iristen denean. "Orduan hasi ginen etxearen kontzeptua lantzen. Egoitzak etxe bihurtu behar ditugu", esan du.

Jomuga hori oinarri hartuta, eredu berriak hobetu beharrekoak diren hainbat arlo barne hartzen dituela nabarmendu du. "Etxean bezala sentitzeko, zerbitzu pertsonalizatua jaso beharko dut. Eta zaindu beharko nauenak, ni ondo zaintzeko, berak ere ondo egon beharko du. Zaintzailea ondo zaindu beharko dugu, eta antolaketa orokorrak lagundu egin beharko du horretan, eta noski, zaintzaileak lan baldintza onak izan beharko ditu. Gainera, etorkizunean egoitzak txiki geratuko dira, eta elkar zaintzeko modu berriak bilatu beharko ditugu". Haren arabera, hori guztia kontuan hartzen du aurkeztu duten gida berriak, eta "oso pozik" dago horregatik. "Aurrera begira, zaintza eredu berria eraikitzeko oso lagungarria izango da".

Estebanez egoitzan dagoen adineko baten senitartekoa da, eta hark adierazi du bizitzaren amaiera "oso etapa garrantzitsua eta delikatua" dela, eta ondo zaindu beharrekoa. Erronka guztiei heldu eta zaintza eredua hobetzeko "esperantza" duela nabarmendu du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide