Zarautzen asteazkenean izan zen hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako Itaia antolakundeak. Indarkeria matxistari aurre egin lelopean egingo dute protesta, 19:00etan, plazan.
Azkoitiko Udalak ere "irmo" gaitzetsi du hilketa, eta elkartasuna adierazi die biktimaren senideei zein hurbilekoei. Erakundeak azaldu du "tragedia" horrek, beste behin, erakusten duela gizarte osoak duela erantzukizuna "berdintasuna eraginkor" egiteko. Era berean, herrian antolatzen diren gaitzespen ekimen eta elkarretaratzeekin bat egin du hark, eta herritarrei dei egin die horietan parte har dezaten.
Udalaren ustez, hilketek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dute erakusten, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko "desberdintasunean" sortzen eta sostengatzen baita. "Emakumeenganako indarkeria era guztietan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina", azpimarratu du.
Asteazken gauean gertatu zen hilketa Zarautzen, Itsasmendi auzoko etxebizitza batean. 53 urteko emakume bat hil zuten, eta ustezko hiltzailea, 47 urteko gizonezko bat, atxilotu zuen Ertzaintzak. Zarauzko Udalak atzo baieztatu zuen hilketa matxista izan zela.