Iñigo Oruesagasti Orue (Azkoitia, 1977) aurrenekoz ari da aurten Anaitasunaren emakumeen lehen taldea zuzentzen. Bederatzigarren sasoia du aurtengoa hark klubean entrenatzaile lanetan, baina aurreko zortzietan mutilekin aritu da harrobian. Denboraldia oker hasi dute gorritxoek, baina entrenatzaileak badu taldeak gora egingo duenaren eta mailari eutsiko diotenaren itxaropena.
Sasoiaren hasiera zaila izaten ari da, ezta? Aurreikusita al zenuten?
Jakitun ginen ez zela erraza izango. Sasoi hasieran guztiek esaten ziguten talde ona genuela, baina bagenuen beste taldeen aurreko denboraldietako informazioa ere. Talde gaztea dugu, eta gainera, talde bezala jokalari gutxi ditugu; aurreko urteetan taldeak hogei jokalari izan baditu ere, aurten hamazazpi lagunekin gabiltza lesioak-eta tarteko. Hasiera ez da erraza izaten ari. Batzuek uste dute goian ibiltzeko gai izango garela, baina oraingoz gure helburua da mailari eustea; gero, gerokoak.
Talde gaztea duzuela esan duzu. Zer-nolako taldea osatu duzue aurtengo sasoirako?
Baloia oinetan behar duten jokalariak dira gureak. Fisikoki ez gara oso indartsuak, bat baten aurkakoan ez gara sendoak, eta esango nuke hor ari garela sufritzen gehien lehen partida hauetan. Talka egin behar denean, buruz egin beharreko lehietan, eta, oro har, borroka egin behar den neurketetan asko ari zaigu kostatzen aurkariak baino gehiago izatea.
Azken partidara arte emaitzek lagundu ez badute ere, erakutsi al du taldeak joko aldetik hobekuntzarik?
Hobetzeko prozesuan gaudela iruditzen zait, gauza asko ditugu-eta lantzeko. Lehendik oinarri ona du eginda taldeak, eta hori baliatuz, taldeari geure ukitua eman ahal izateko gauzak txertatu nahian ari gara. Batik bat, intentsitatearen alorra lantzea da gure nahia. Baloia oinetan hartu eta jokatzera daude ohituta gureak, baina baloiarekin jokatu ostean erritmoa eta intentsitatea sartzea nahi ditugu. Kostatuko zaigu, baina ea poliki-poliki lortzen dugun.
Zein dira une honetan taldearen animoa eta konfiantza maila? Ari al zarete egoera kudeatzeko lanean?
Esan bezala, taldea murritza da kopuruz, eta jokalari guzti-guztiak sartu behar izaten ditugu deialdietan. Hori horrela izanda, kostatzen ari zaigu jokalariei eman dezaketen etekin guztia ateratzea. Asteburu batean edo bestean saiatu gara nolabaiteko ohartarazpenak ematen, hamaikakoa mugituta edo moldatuta, eta ikusi dugu asteburu horien osteko hitzorduetan bestelako bizitasun bat erakutsi dutela jokalariek.
Zein da zure ustez taldearen indargune nagusia? Eta zer falta zaio oraindik koska bat gora egiteko?
Defentsa lanean nahikoa seguru ikusten dut taldea. Jende gaztea eta beteranoak ari gara uztartzen taldean, eta oso gustura gaude kadete mailatik lehen taldera igotzen direnen lanarekin eta horiek egiten duten esfortzuarekin. Gazteak gogotsu ikusten ditut, baina, aldi berean, ederra da taldean urte batzuk daramatzaten jokalariek zelaian dena ematen dutela ikustea. Iruditzen zait taldeko gazteenek eredu edo erreferente dituztela beteranoenak.
Lehenengo eta behin, mailari eusteko asmoa duzuela adierazi duzu. Argi al dituzue aurtengo helburuak zein diren?
Guretzat berria da Emakumeen Euskal Liga, nahiz eta aurrez taldea zuzendu zuen Mikel Barquero entrenatzaileak informazio dezente eman digun txapelketaz. Saiatuko gara, hasteko, gauden mailari eusten; ea gero zerbait polita egiteko gai garen. Ordea, zerbait polita egitea ez da erraza izango, orain arteko aurkarien maila zein den aintzat hartuta behintzat.
Zer eskatzen diozu taldeari?
Lana, esfortzua, lagunengatik sakrifikatzea eta taldean lana batera egitea, talde bezala funtziona dezagun.
Anaitasunako harrobiko mutilen taldeetan urte luzez aritu ondoren, zerk bultzatu zintuen emakumeen taldeko entrenatzaile kargua hartzera?
Barquerok esan zidan entrenatzaile postua uztera zihoala, eta Asier [Goikoetxea], Xabi [Garate] eta hirurok emakumeen taldea zuzentzeko gai ikusten gintuela; ez genuen zalantzarik egin. Orain arte mutilak entrenatzen ibilita, emakumeen taldea entrenatzea erronka bat izaten ari da niretzat. Oso gustura gaude, ordea, jokalariek oso ondo hartu gaituzte eta. Lehen egunetik sentitu naiz taldean urteak eman izan banitu bezala. Oso jarrera ona eta egokia ari dira erakusten neskak. Ea orain gu beraiei dakiguna erakusteko eta orain arte bizitako esperientzia guztia transmititzeko gai garen.
Nolakoa ari da izaten aldaketa hori zuretzat?
Hasieran oso desberdina egin zitzaidan lan egiteko modua, bai joko aldetik, bai erritmo aldetik. Gauza politekin ere egin dut topo, ordea, futbola den hori gehiago txertatzeko aukera ikusi dut eta. Desberdina bai, baina, era berean, esperientzia ederra izaten ari da guretzat.
Azken zortzi urteetan zer ikasi duzu harrobian entrenatzaile gisa?
Ez dakit geuk zenbat irakatsiko genuen, baina ikasi, asko egin dugu. Anaitasunan entrenatzaileak ez du bakarrik futbolean irakasten; hezitzaile nahiz psikologo lanak egin behar izaten ditu, baita gurasoekin harremanak landu ere. Entrenatzaile bezala joaten gara Txerloira, baina han lan asko dago egiteko, gazteek behar asko dituzte eta. Gu saiatzen gara alor horietan guztietan laguntzen. Niretzat oso garrantzitsuak dira edukazioa eta errespetua, eta gu balio horiek transmititzen saiatzen gara. Batzuetan talka egin ohi dugu jokalariekin, eta beste batzuetan, haserretu egin ohi gara, baina gure lehentasunak markatuta ditugu.
Zer ekarpen egin nahi diozu emakumeen proiektuari?
Emakumeen futbolagatik apustua egitea eta emakumeen futbolari indarra ematea dira nire asmoak. Jokalariek dituzten espektatibak betetzen lagundu nahi dut, berdintasunerako pausoak emanez.
Nola ikusten duzu emakumeen futbolak Anaitasunan izan duen bilakaera?
Duela urte batzuk Anaitasunak egundoko maila izan zuen emakumeetan. Aurten, nesken kadete mailako bigarren taldea sortu da, eta horrek berak erakusten du Anaitasuna emakumeen arloan indartzen ari dela. Dena den, laguntza bat edo bultzada bat behar du, denen partetik. Neska asko datoz atzetik. Gainera, horietako asko gure partidak ikustera etortzen dira, bai etxekoak, bai etxetik kanpokoak. Ikusten da atzetik datozen horiek gure taldeko jokalariak dituztela eredu, eta hori aprobetxatu beharra dago emakumeen futbolari indarra emateko.
Zerk motibatzen zaitu etapa berri honetan?
Emaitzek agintzen dute futbolean, baina, era berean, motibatzen nau talde nahiz giro ederra sortzeak eta guztiok batera lan egiteak. Entrenatzaileak ez gara jokalariak baino gehiago, eta saiatuko gara elkarrengandik ikasten. Bide horri eutsita egingo dugu aurrera.