Palestinarekin, asko eta ozen

Mailo Oiarzabal 2025ko urr. 15a, 20:27

Gernika-Palestinaren deialdiari erantzun dion elkarretaratze jendetsuarekin bukatu da, plazan, sindikatuek deitutako lanuzteekin hasitako eguna. Ehunka azkoitiarrek agertu dute Palestinarekiko elkartasuna, Israelen genozidioa salatzearekin bat.

Egunean zehar hainbat lantokitan lanuzteak egin ondoren, Azkoitiko plazan elkartu dira 300 bat herritar iluntzean, Gernika-Palestina herri ekimenaren deialdiari erantzunez, Palestinaren alde eta Israelen kontrako boikota eskatzeko.

Gutxitan bezala bete da herriko plaza elkarretaratze batean. 19:30erako zegoen deituta bilkura, baina 19:00 alderako plaza erdian elkartu dira Palestinako lehen banderak. 19:30ean puntuan hasita, ordurako jende ugari hasierako banderen bueltan elkartuta zela, eltzeak astinduz eta txistua joz, ordu laurdenez etengabekoa izan da burrunba plazan; soinua ateratzeko trasteak herritar gutxiren eskutan egon badira ere, nahikoak izan dira zarata sortzeko.

Amaieran, eskerrak eta zorionak eman dizkiete deitzaileen izenean gaurko egunean zehar eta aurrekoetan Palestinaren alde mobiliatu diren herritar guztiei, baina, bereziki, Palestinaren alde eta Israelen kontra mobilizatzen jarraitzeko premia azpimarratu dute, sinatu berri duten bake akordioaren edukiagatik, eta Israelek palestinarrak hiltzen jarraitzen duelako, besteak beste.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide