Nolakoa izan zen dantza eskola sortzeko prozesua?
Hasieran prozesua nahiko zaila izan zen; izan ere, erabaki hartuta, egin beharreko dena bakarrik antolatu behar nuen: lokal egokia bilatu, izapideak egin, aseguruak, publizitatea... Hala ere, ilusio handiarekin hasi nintzen lanean, eta poliki-poliki gauzak bere tokian jartzen joan ziren. Denbora eta pazientzia behar izan nituen, baina urratsez urrats ikasi nuen enpresa bat sortzea posible dela gogor lan eginda eta konfiantza galdu gabe.
Noiz eta zergatik jo zenuen Iraurgi Berritzen agentziara?
Hasieran ez nekien nondik hasi eta orientazio pixka bat behar nuen. Horregatik jo nuen Iraurgi Berritzen agentziara, aholku eta laguntza bila. Han azaldu zizkidaten zeintzuk diren eman beharreko lehen pausoak, eta han esan zidaten zer-nolako diru laguntzak dauden ekintzaileentzat. Laguntza hori oso baliagarria izan zen nire proiektua hobeto antolatzeko, eta gainera, negozioa bideragarria izan al zitekeen ikusteko aukera eman zidaten.
Zer ikasi duzu prozesu horretatik?
Pazientziarekin hartzea da garrantzitsuena. Denak ez du momentuan funtzionatzen, eta bidean porrot txikiak ere izaten dira. Hala ere, esperientzia bakoitzetik ikasi egiten da, bai profesional gisa, bai pertsona moduan. Horrek guztiak aurrera egiteko indarra eta segurtasuna eman dizkit, eta orain badakit lana gogor egiteak beti ematen duela fruitua, nahiz eta ez berehala ikusi.
"Nire ametsen parte ziren eskola martxan ikustea eta komunitate txiki bat sortzea, eta gaur egun esan dezaket egindako lanak guztiz merezi izan duela"
Zer beldurri edo oztopori egin behar izan diozu aurre bidean?
Hasieran beldurra ematen zidan eskolan jendeak izena ez emateak edo gauza guztiekin moldatzeko gai ez izateak, baina denborarekin konfiantza hartu nuen, eta konturatu nintzen, ahalegina eginez gero, posible dela gauzak lortzea. Gainera, inguruko jendearen babesa oso garrantzitsua izan da prozesu osoan zehar, eta pixkanaka nire segurtasuna handitzen joan da. Azkenean, beldurra motibazio bihurtu zen.
Orain arteko bideaz zer balorazioa egiten duzu?
Eskola apirilean ireki nuen, eta ordutik zoragarria izan da esperientzia. Ez da bide erraza izan, baina ikasleekin harremanak sortzea eta haiek pozik daudela ikustea guztiz aberasgarria izan da. Nire ametsen parte ziren eskola martxan ikustea eta komunitate txiki bat sortzea, eta gaur egun esan dezaket egindako lanak guztiz merezi izan duela.
Zer berezitasun du zure dantza eskolak? Beste eskoletatik nola desberdintzen da?
Dantza eskolaren berezitasunak ikuspegia eta giroa direla esango nuke. Ez dugu dantza soilik teknika gisa irakasten, baizik eta adimen emozionala, askatasuna eta adierazpena uztartzen dituen diziplina gisa. Nire helburua da ikasle bakoitzak bere barruko indarra eta sormena aurkitzea, ez besteekin lehiatzea, baizik eta bakoitzak bere bertsiorik onena garatzea. Eskola hurbila eta familiarra da, konfiantzan eta errespetuan oinarritutakoa. Irakasleen eta ikasleen arteko harremanak oso pertsonalak dira, eta horrek ikasleei segurtasuna eta motibazioa ematen dizkie. Nire eskolan ez dago presiorik, ezta epaiketarik ere; bakoitzak bere erritmoa eta estiloa aurkitzen ditu. Gainera, estilo eta diziplina ezberdinak uztartzen ditugu, dantza tradizionalak eta modernoak, ikasleek aukera izan dezaten beren gustuak eta gaitasunak askatasunez garatzeko. Dantza niretzat ez da mugimendua bakarrik, bizitzeko eta sentitzeko modu bat da, eta hori da nire eskolaren benetako nortasuna.
Zeintzuk dira norberarentzat lan egitearen onurak eta desabantailak?
Onura nagusia askatasuna da; zeuk hartzen dituzu erabakiak eta zeure ideiak gauzatzeko aukera duzu, eta horrek sormena eta motibazioa bizirik mantentzen ditu. Hala ere, desabantailak ere baditu; adibidez, ardura guztiak zure gain daudela eta batzuetan zalantzak sortzen direla. Baina lanaren emaitza ikusita eta egindako esfortzuaren fruituak jasota, dena konpentsatzen da.
Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan pertsonari?
Lehenik eta behin, ez beldurtzeko eta pausoz pauso joateko esango nioke. Hasieran denak dirudi handiegia edo zaila, baina garrantzitsuena lehen urratsa ematea da. Behin martxan jartzean, gauzak argiago ikusten dira eta konfiantza handitu egiten da. Ilusioa eta motibazioa mantentzea funtsezkoa da, eta beti eskatu behar da laguntza, ez duzulako zertan dena bakarrik egin.
Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?
Etorkizunari begira, eskola hazten eta sendotzen jarraitzea da nire erronka nagusia, beti ere sortu dudan giro beroa eta hurbila mantenduz. Ikasle kopurua pixkanaka handitzea ere gustatuko litzaidake, baina kalitatea eta arreta pertsonala galdu gabe. Bestalde, eskaintza zabaldu nahi nuke: tailerrak, diziplina berriak eta adin talde ezberdinetara egokitutako ikastaroak antolatuta. Horrekin batera, dantza erakustaldi eta proiektu bereziak egitea ere nahiko nuke, ikasleek agertokian beren lana partekatzeko aukera izan dezaten eta herriko kultur bizitzan ekarpena egiteko. Niretzat garrantzitsua da eskola ikasteko leku bat soilik ez izatea; elkargunea eta komunitatea izatea nahi dut, non dantzak jendea batzen duen eta emozioak askatzeko bide bihurtzen den. Horixe da nire etorkizuneko erronka eta ametsa: hazten jarraitzea, baina beti bihotzarekin.
Dantza eskolarekiko interesa duten pertsonek informazio gehiago edota izena eman nahiko balute enaradantzaeskola@gmail.com helbide elektronikora mezua idatzi edota 633 83 04 12 telefono zenbakira deitu dezakete.
Negozio ideia bat baldin baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.