Urtaro bakoitzeko egiten duten moduan —udan izan ezik—, udazkenarekin batera bigarren eskuko azoka antolatu du Bizilore Eskola Aktiboak, eta ohiko moduan, Kontzejupera joaten diren herritarrek askotariko eskaintzak aprobetxatzeko aukera izango dute bihar egun osoan zehar. Izan ere, 10:00etan zabalduko dute azoka, eta 19:30ean itxi.
Aurreko aldietan bezala, haurrentzako zein helduentzako arropa, osagarriak, etxetresnak zein umeentzako jostailuak izango dira azokan, hala nola ipuinak, patineteak eta bizikletak.
Bizilorek Birziklatu, berrerabili, murriztu! lelopean antolatzen du bigarren eskuko azoka, "kontsumismoaren aurrean", horixe baita egitasmoaren helburua. Era berean, ikastetxea autogestionatua izanda, bere proiektua sostengatzeko bide ere bada azoka, haren finantzaketara bideratzen baitute han bildutako dirua.