Maddi Dorronsorok arnasguneetako euskaldunen hizkuntza jarreren bueltan egiten ari den ikerketa aurkeztuko du bihar

Andoni Elduaien 2025ko urr. 14a, 14:55

Maddi Dorronsoro ikerlaria. (Guka)

Euskola hitzaldi zikloaren bigarren saioa izango da biharkoa, eta European Centre for Minority Issues (ECMI) erakundean ikerlari lanetan ari den Maddi Dorronsorok (Berrobi, Gipuzkoa, 1995) arnasguneetako euskaldunen hizkuntza jarreren bueltan egiten ari den ikerketa lana aurkeztuko du.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatuta, Euskola hitzaldi zikloak bigarren geldialdia egingo du bihar, asteazkena, Elkarguneko Intsausti aretoan (18:00). Maddi Dorronsorok eskainiko du hitzaldia han, Arnasguneetako ahotsak: bertako euskaldunen hizkuntza jarrerak izenekoa.  

Duela ia bi urte hasi zen Dorronsoro lanean Alemaniako Flensburg hiriko European Centre for Minority Issues (ECMI) erakundean. Arnasguneei buruzko ikerketa bat egiten ari da egun hura erakunde horretan, eta bihar ikerketa proiektu horri buruzko azalpenak emango ditu ikerlariak Azkoitian.

Dorronsorok arnasguneetako euskaldunen hizkuntza jarrerei lotuta egin du ikerketa. Alde batetik, arnasguneak diren eremuetan bizi den jendeak euskararekin zer harreman duen bildu du hark, hala nola hizkuntzaren bueltan zer ideia, zer sentimendu eta zer jokabide duen. Beste aldetik, arnasgune diren herri horiekiko bertako herritarrek hizkuntzarekiko zer pertzepzio duten ikertu du; alegia, arnasgune batean bizitzea euskaldun batentzat zer den jaso du. Azkenik, arnasguneetako herritar horiek azken urteetako aldaketak nola hautematen dituzten ikertu du, batez ere, euskaldunak ez diren etorri berrien eragina eta horiekin duten harremana bilduz.

Hitzaldiaz xehetasunak

Ikerlariak berak eman ditu beharko hitzaldiari buruzko zenbait gako: Gaia "hutsean" aurkeztu beharrean, ikerketa proiektua osorik azalduko du hark, hari "interesgarriagoa eta ulergarriagoa" iruditzen baitzaio modu hori. Arnasguneei buruzko testuingurua aurkeztuko du hark aurrena: batetik, Euskal Herriko arnasguneak zer diren azalduko du Dorronsorok, eta bestetik, Euskal Herritik haratago arnasguneen kontuak zer nolako garrantzia duen, zer gertatzen ari den eta aurretik zer ikerketa egin diren.

Era berean, ikerlariak testuinguru horri guztiari bere proiektuaren bitartez egin nahi izan dion ekarpena elkarbanatuko du bihar, ikerketaren galderak eta helburuak, metodologia, emaitza, hausnarketa eta ondorioak azalduz. "Modu horretan argi ikusten da nire ikerketaren asmoak eta mugak zeintzuk diren, gaia esploratzeko lehen pauso bat baita", azaldu du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide