Shin-Young Lee organista korearraren emanaldiarekin itxiko da Azkoitiari dagokionez Organo Erromantikoaren Nazioarteko 26. Zikloa. Zapatuan, 20:00etan hasiko da korearraren kontzertua Andre Mariaren Jasokundeko parrokia elizan. Nazioartean ospe handia duen artista da Lee. Bere emanaldietan, entzuleekin konektatzen du konpromiso espiritual eta musikal indartsuaren eta programazioaren originaltasunaren bidez; izan ere, askotan organorako errepertorioa eta transkripzioak uztartzen ditu Koreako organistak.
Lee bost kontinenteetako kontzertu areto nagusietan aritu da; izan ere, hura sarritan gonbidatzen dute orkestrekin bakarlari gisa aritzeko. San Frantziskoko American Guild of Organists (AGO) Konbentzio Nazionalean parte hartu zuen iazko ekainean, eta bertan Samuel Barberren Toccata Festiva eta Emma Lou Diemerren Organ Concerto interpretatu zituen.
Nazioarteko jaialdi askotan ere jo du Leek, baina korearra sarritan gonbidatzen dute nazioarteko lehiaketetako epaimahaietan parte hartzeko eta master klaseak emateko. Berarentzat poz handia da bere esperientzia eta musikarekiko duen grina hurrengo belaunaldiekin partekatzea. Horren harira, artista gonbidatua izan da Yale Unibertsitatean 2024ko udazkenean. Enkarguz edo bere ekimenez, Leek organorako musika transkribatzea du gustuko, eta, besteak beste, Bach, Saint-Saiens, Borodin, Ravel eta Prokofiev artisten musika transkribatu du.
Musikari estuki lotuta egon den familiakoa da Lee, Familia musikal batean jaioa. Haurtzaroan hasi zituen musika ikasketak. Yonsei Unibertsitatean lizentziatu ondoren, bere ikasketak Schola Cantorumen eta Parisko Conservatoire National Superieur de Musiquen jarraitu zituen.
Lee Azkoitian izango da zapatuan, eta hark Bachen, Saint-Saiensen eta Widorren abestiak eskainiko ditu. Hona hemen egitaraua
- Chaconne pour violon (Johann-Sebastian Bach)- organorako egokitzapena Henri Messererek egina.
- Le Carnaval des Animaux (Camille Saint-Saiens)-trankrispzioa Shin-Young Leek egina.
- Aquarium
- Cygne
- Final
- 5eme Symphonie (Charles-Marie Widor)
- Allegro vivace
- Allegro cantabile
- Andantino quasi allegretto
- Adagio
- Toccata