Andaluziakoen aurkako demetan, gizonak soilik garaile

Andoni Elduaien 2025ko urr. 13a, 10:35

Araujo izan zen zapatuan taldeko onena. (Mikel Amenabar 'Otola')

Malagako (Espainia) Unicaja Mijas taldearen aurka Azkoitian jokatu zuten zapatuan ISBko emakumeek, eta galdu egin zuten. Gizonek, berriz, bigarren garaipena lortu zuen Sevillan; lehen bi lehiak irabazi dituzten lau taldeetako bat da Biele ISB.

Gazi-gozoa izan da asteburua Iraurgi Saskibaloi taldearentzat. Emakumeen porrotak garraztu zuen zapatua; izan ere, Luis Agirre Katxi entrenatzailearen taldeak 51-59 galduz zuen Unicaja Mijas taldearen aurka Azkoitiko Elkargunean. Gizonen garaipenak, ordea, aho zapore gozoa utzi zuen saskibaloi zaleen artean; 65-86 irabazi zuten Iñigo Nuñezenek CB Starlabs Moron taldearen aurka Sevillan (Espainia). 

Pareko lehia jokatu zuten emakumeek etxean Andaluziakoen aurka. Saskiaren inguruan aurkitu zuten bi taldeek puntuak pilatzeko iturria, baina emaria oso urria izan zen bai alde batean, bai bestean. Aurreneko zazpi minutuak jokatuta, 6-9 ziren aurretik Andaluziakoak; bi taldeen zehaztasun ezak markatu zuen partidaren hasiera. Azken minutuetan, ordea, saskiratzeak areagotu egin ziren, eta laurdena 12-16 amaitu zen. Uztaipea zulatu nahian jarraitu zuen ISBk, eta bereziki, Skylar Van hegaleko pibot estatubatuarraren lan onari esker, markagailua irauli zuten etxekoek. Hori gutxi ez, eta etxekoek aurkariak baloia galtzera behartu zituzten jokaldi bat baino gehiagotan, eta gainera, bigarren jokaldiei esker, atsedenaldira sei puntu goitik iritsi ziren (29-23).

Hirugarren laurdena, ordea, zeharo desberdina izan zen. Unicaja Mijas lehiakor kantxaratu zen, eta defentsako intentsitatea areagotuta, hainbat akats egitera behartu zituzten etxekoak. Malagako taldeak hiruko lerrotik min egin zion min ISBri, eta hala, markagailuan aurretik jarri ziren berriro (40-44). Azken laurden erabakigarrian ere ISBri ez zitzaizkion gauzak nahi bezala atera. Bisitariek abantailak aurkitu zituzten erasoan. ISBk Andaluziakoen lorratzari segitzeko nahia erakutsi zuen, ordea, eta kontraerasoan bi saskiratze lortuta estutu egin zuen norgehiagoka. Ordea, Andaluziakoek hiruko lerrotik zigortu zuten gero ISB, eta garaipena eskuratzeko bezainbesteko aldea lortu zuten. 

Zortzi puntuko aldeagatik eman zuen amore, azkenean, ISBk. Ines Araujo joko antolatzailea izan zen taldeko onena; Skylar Vanek saskiratu zituen puntu gehien –hamahiru puntu–, baina Araujok hemezortzi puntuko balioa eskuratu zuen. Datorren asteburuan, Cajasol Baloncesto Sevilla sailkapeneko azkenarekin neurtuko dituzte indarrak Azkoiti-Azpeitikoek; Sevillako (Espainia) San Pablo kiroldegian jokatuko dute, zapatuan (19:00). 

Bitik bi gizonentzat

Iñigo Nuñezek zuzentzen duen Biele ISBk, bestalde, sasoiko bigarren garaipena eskuratu zuten zapatu arratsaldean, Sevillan. CB Starlabs Moron taldearen aurka neurtu zituzten indarrak ISBko gizonek Bigarren FEB mailako bigarren jardunaldian, eta astindu latza eman zioten amaierarako otsoek Sevillakoei (65-86). 

Lehen laurdenean bakarrik gailendu zen etxeko taldea (22-20); izan ere, ondorengo hiruretan lortu zuen ISBk aurkariek baino puntu gehiago saskiratzea. Atsedenaldira berdinduta (31-31) iritsi ziren bi taldeak, baina aldageletatik bueltan nagusi izan zen kantxan Azkoiti-Azpeitiko taldea; zazpi puntuko aldea zuen hirugarren laurdenaren amaieran Biele ISBk (51-58). Azken laurdenean, berriz, errematea eman zioten otsoek aurkariei. Moronek eskuratutako puntu kopurua (hamalau puntu) bikoiztu zuten otsoek, eta hala, 21 puntuko aldeagatik irabazi zuten.

Sailkapeneko hirugarrena da egun ISB; lehen bi jardunaldietan bi garaipen lortu dituzten lau taldeetako bat da Nuñezek zuzentzen duena. Igandean, hilak 19, hirugarren garaipena erreskadan eskuratzen saiatuko da Circulo Gijon Baloncesto taldearen aurka. Azkoitiko Elkargunean jokatuko dute otsoek, 19:00etan hasita. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide