Anaitasunak baleko asteburua osatu du. Emakumeek, atzo, sasoiko lehen hiru puntuak batu zituzten Txerloian Bilbao Artizarrak taldeari 5-3 irabazi eta gero. Gizonek, berriz, zapatuan hutsean berdindu zuten Mutrikuko (Gipuzkoa) San Miguel zelaian.
Aurreneko hiru jardunaldietan hiru partida galduta, puntuen premia handiarekin iritsi zen Anaitasuna atzoko lehiara. Orain artekoari so eginda, bederen, aurkari zuzen-zuzen baten aurka neurtu zituen indarrak Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzaileak entrenatzen duen taldeak, eta sailkapenaren zuloan ez korapilatzeko, ezinbestekoa bihurtu zen Bilbao Artizarrak taldeari irabaztea.
Ordea, oker hasi zen lehia Anaitasunarentzat Txerloian, laugarren minutuan aurrea hartu baitzuten Bilbokoek. 25 minutu behar izan zituzten gorritxoek lehia parekatzeko; Kalare Olaizolak egin zuen banakoa partidako ordu erdia bete zenean, eta handik bost minutura, 35. minutuan, Bidatz Etxanizek irauli zuen lehia. Atsedenaldira aurretik iritsi ziren gorritxoak.
Aldageletatik bueltan, Olaizolak areagotu zuen markagailuko aldea; 59. minutuan egin zuen hark Anaitasunaren hirugarren gola. Dena den, ondorengo bost minutu zeharo traketsak izan ziren gorritxoentzat, Bilbokoek lehia berdintzea lortu baitzuten ohartzerako. Hala eta guztiz ere, Oruerenen erreakzioa hobea izan zen kanpokoena baino, eta lehia irabazteko gai izan ziren. Anaitasunako entrenatzaileak Maria Juaristi zelairatu zuen lehia amaitzeko ordu laurdena falta zela, eta aurrelariak bi gol egin zituen: lehena, 81. minutuan, eta bigarrena, luzapenean.
Sailkapenean beheko postuetan jarraitzen badu ere, sasoiko lehen garaipena eskuratuta, arnasa pixka bat eta konfiantza irabazi ditu Anaitasunak. Ordea, badu egiteko nagusi bat: atea ixtea. Izan ere, lau partidatan hamalau gol jaso ditu Anaitasunak. Datorren asteburuan, Barakaldora (Bizkaia) joko dute gorritxoek, Pauldarrak taldearekin neurtuko dituzte-eta orduan indarrak.
Poliki-poliki, batzen
Loren Barbadok zuzentzen duen gizonen taldeak, bestalde, puntuak batzen jarraitzen du. Herenegun, Mutrikun aritu ziren gorritxoak, eta lehia hasi bezala amaitu zen San Miguel zelaian, hutsean. Bi taldeetako inor ez zen izan gai aurkariaren atea zulatzeko, eta hala, puntu bana banatu zuten.
Sailkapeneko goiko postuetan jarraituko dute beste astebetez gorritxoek; hamar punturekin hirugarren postuan kokatuta daude, liderra den Real Union B taldeagatik bi puntura. Bigarren postuan Lesakako (Nafarroa) Beti Gazte taldea dago, Anaitasunarekin puntuetan berdinduta. Hain justu, Nafarroako talde hori hartuko dute gorritxoek datorren asteburuan, Txerloian.