Anaitasuna mendi bazkunaren eskutik, Aldude mendikate ingurua ezagutu dute mendizaleek

Andoni Elduaien 2025eko urriaren 13a

25 bat lagunek parte hartu dute Anaitasuna mendi bazkunaren azken irteeran. Aldude mendikatean zehar egin zuten ibilbidea. Datorren asteburuan, espeleologia irteera egingo du mendi taldeak.

Anaitasuna mendi bazkunak Nafarroara egin du Gure Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruko azken irteera. Joan den zapatuan, 25 bat lagunek zeharkatu zituzten Auritz, Sorogain eta Urkiaga Gaina. Guztira, 18 kilometroko ibilbidea osatu zuten, eta eguraldia lagun, egunpasa ederra egin zuten.

Ordea, ez da Anaitasunak hil honetarako antolatuta duen ekintza bakarra. Datorren zapatuan, hilak 18, espeleologia irteera egingo du mendi bazkunak. Lekeitio eta Berriatua (Bizkaia) herrien artean dagoen Milloi mendatearen azpiko Laminetako koba bisitatuko dute. 08:30ean abiatuko dira Aizkibel liburutegiaren alboko geralekutik, eta irteera amaitu bezain pronto itzuliko dira Azkoitira; asmoa da koba lau edo bost orduan zeharkatzea. Mendi taldeak jakinarazi duenez, dagoeneko beteta daude irteera horretarako plaza guztiak. 

(Argazkiak: Anaitasuna mendi bazkuna)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide