Organoaren doinuak txistuarenarekin bat egin dute parrokian

Nerea Uranga 2025ko urr. 12a, 10:21

Jose Ignazio Ansorena eta Jose Antonio Pascual, atzo Azkoitiko parokian. (Azkoitiko Udala)

Jose Antonio Pascual organistak eta Jose Ignazio Ansorena txistulariak kontzertua eskaini dute Azkoitiko parrokian, Organo Erromantikoaren Nazioarteko 26. Zikloaren barruan.

Organo Erromantikoaren Nazioarteko 26. Zikloaren barruko Azkoitiko bigarren emanaldia izan zen atzo arratsaldean Andre Mariaren Jasokundeko parrokia elizan. Organoaren eta txistuaren doinuek bat egin zuten atzoko kontzertuan, izan ere Jose Antonio Pascual organista eta Jose Ignazio Ansorena txistularia izan ziren protagonistak. Besteak beste, Bastiaren, Francken, Ondarraren, Usandizagaren, Olaizolaren eta Ansorenaren piezak interpretatu zituzten bi musikariek.

Organo eromantikoaren nazioarteko zikloko Azkoitiko hirugarren eta azken kontzertua datorren larunbatean, urriaren 18an, 20:00etan, izango da parrokian. Emanaldi hori nazioartean ezaguna den Shin-Young Lee artista korearrak eskainiko du. Bach, Saint-Saens eta Widor artisten zenbait obra interpretatuko ditu korearrak.

Jose Antonio Pascual organista atzo Azkoitiko parokian. (Azkoitiko Udala)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide