Eskuz binakako pilota txapelketa azkarra antolatu dute Elosun urriaren 18rako

Andoni Elduaien 2025ko urr. 10a, 08:17

Esku bat pilotari heltzen. (Guka)

Gizon-emakumeei zuzendutako binakako esku pilota txapelketa azkarra jokatuko dute auzo horretako pilotalekuan. Izena emateko epea datorren astelehenera arte izango dute zabalik; 10 euro ordaindu beharko da bikoteko inskripzioa. 

Elosu auzoan esku pilota txapelketa azkarra jokatuko dute hilaren 18an, larunbatez. Auzo horretako Elur-Mendi elkarteak antolatu du aurrenekoz binakako pilota txapelketa Azkoitiko eta Bergarako (Gipuzkoa) udalen laguntzarekin, eta egun bakar batean jokatuko dute; izan ere, hilaren 18an egun osoan zehar izango dira txapeldunak erabakitzeko partidak.

Gizon-emakumeen pilota txapelketa antolatu dute auzo elkartekoek, eta 18 urtetik gorako gorako herritarrek eman ahalko dute izena. Pilota federazioetan federatuta daudenek ezin izango dute jokatu; izan ere, antolatzaileek azaldu dute federatu gabeentzako txapelketa dela antolatu dutena. Partida guztiak pilota goxoarekin jokatuko dituzte, baina txapelketa jokatzeko, gutxienez, lau bikotek eman beharko dute izena.

Izen-ematea dagoeneko zabaldu dute antolatzaileek, eta datorren astelehenera arteko epea eman dute. Hilaren 13a izango da txapelketarako izena emateko azken eguna, eta interesa dutenek 695 72 55 96 (Julen) edo 690 740 160 (Eloy) telefono zenbakietakoren batera deitu beharko dute horretarako. 10 euro ordaindu beharko da txapelketan parte hartzeko, eta izena emateko kontaktuetako batera egin beharko da ordainketa bizumarekin; bikoteek izen-abizenak zehaztu beharko dituzte ordainketa egiterakoan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide