Itaiak solasaldia egingo du bihar, matxismoaren eta faxismoaren aurrean antolatzeko deia zabaltzeko

Andoni Elduaien 2025ko urr. 9a, 09:27

Itaiak egindako saio bateko irudia. (Urola Erdiko Itaia)

Kultur Etxeko hirugarren solairuan egingo dute solasaldia, 18:00etan hasita. Matxismoaren nahiz faxismoaren gaietan interesa duten herritarrak gonbidatu dituzte hitzordura.

Urola erdiko Itaiak antolatuta, solasaldia izango da bihar, ostirala. Matxismoaren eta faxismoaren aurrean antolatu! izenburupean, 18:00etan egingo dute saioa Kultur Etxeko hirugarren solairuan. Itaiak adierazi duenez, solasaldiaren helburua da matxismoaren eta faxismoaren aurrean antolatzeko deia zabaltzea.

Antolakunde sozialistak bere kurtso politikoa hastearekin bat egingo du biharko saioa. Itaiaren ustez beharrezkoa da egun bizi den testuinguruaz jabetzea, egungo tendentziak nondik datozen ulertzeko eta horiei "aurre" egiteko. "Eskuineko nahiz ultraeskuineko ideiak gero eta presenteago ditugu, bai sare sozialetan, bai kaleetan; presentzia horren areagotzearekin bat ulertzen dugu ideia faxisten nahiz matxisten igoera", azaldu dute.

Biharko solasaldian gai horiei buruz hausnartzeko eta horiek "arazo bihurtzeko" tartea irekiko dute. "Matxismoaren nahiz faxismoaren gaietan interesa duen eta horien kontra egin nahi duen oro gonbidatu nahi dugu solasaldira, ideia horiei aurre egiteko, beharrezkoa baita antolakuntza", esan dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide