Zaintzari lotutako dokumentalen emanaldia eta solasaldia izan ziren atzo arratsaldean Elkarguneko Oteiza aretoan. Ados Teatroaren eta Jose Antonio Vitoria zuzendariaren eskutik, Giza Filmoteka osatzen duten hainbat film labur ikusteko aukera izan zuten atzo han elkartu ziren herritarrek, guztiak ere nahi gabeko bakardadea jasaten duten pertsonen ingurukoak.
Udalak eta Azkoitia Lagunkoiak antolatutako saioa izan zen atzokoa, eta antolatzaileen arabera, bost pertsonatik batek nahi gabeko bakardadea sufritzen duela edo sufritu duela onartzen du. Gazteetan, berriz, "are eta larriagoa" da datua: lautik bat hala sentitzen baita. “Bakardadea ikus dezakegu edo beste aldera begiratu. Arazoa handia da”, esan du Vitoriak.