Adimen artifizial sortzaileen eta euskararen arteko harremana izango dituzte aztergai Euskolaren lehen hitzorduan

Andoni Elduaien 2025ko urr. 8a, 09:01

Euskolaren iazko hitzordu bat. (Maxixatzen Euskaldunon Elkartea)

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak aurtengo urrirako antolatu duen hitzaldi zikloko lehen hitzordua izango da gaur arratsaldekoa. Adimen artifizial sortzailearen inguruan arituko dira gaur arratsaldean Olatz Perez de Viñaspre, Xabier Arregi eta Olatz Arregi, Ixa ikerketa taldeko kideak.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatuta, gaur, asteazkena, hasiko da Azkoitian Euskola hitzaldi zikloa. Urriko datozen lau asteazkenetan izango dira hitzorduak, 18:00etan hasita, Elkarguneko Intsausti aretoan, eta askotariko gaiak landuko dituzte. Gaur arratsaldeko saioan, adimen artifiziala eta euskara uztartuko dituzte

Olatz Perez de Viñasprek eta Xabier Arregik eskainiko dute hitzaldia; Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Ixa ikerketa taldeko kideak dira biak. Adimen artifiziala, euskararentzat pozoi ala ukendu izenburupean eskainiko dute saioa bi lagun horiek. Saioa gidatzen ikerketa talde bereko kidea den Olatz Arregi arituko da, eta hark aurreratu ditu gaurko hitzorduaren xehetasunak: "Asmoa da adimen artifiziala eta euskara lotzea. Ordea, adimen artifiziala ertz askotatik heldu daitekeen gaia da, eta gehienbat, adimen artifizial sortzailearen inguruan arituko gara".

Adimen artifizial sortzaileak egun modan dauden ChatGPT moduko tresnak dira, besteak beste. Txatbot tresna horien arriskuak zein diren eta horrelako tresnak eskura edukitzeak euskara bezalako hizkuntzentzat zer nolako onurak edo galerak ekar ditzakeen azalduko dute. "Euskara beste hizkuntzen mailara eramateko zer beharko genukeen azalduko dugu, edota, bestela esanda, euskara bezalako hizkuntza batek zer falta duen edo zer behar duen", dio Arregik. 

Hirukotearen asmoa da "hitzaldi arina" egitea. "Asmoa ez da hitzaldia azalpen sakonetan oinarritzea. Latxa aurkeztuko dugu, gure ikerketa taldean sortu den euskarazko txatbota. Euskaraz ikasi duen tresna da, euskaraz ganoraz erantzuteko gai dena. Jendeak tresnaren funtzionamendua uler dezan, adibide errazak jarriko ditugu, horiek ikus dezaten zein puntutan gauden eta zer egin dezakegun", adierazi du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide