Pertsona orok ditu zaletasunak, nahiz eta batzuetan ez diren besteentzat ezagunak. Batzuetan ofizioari lotutako zaletasunak izaten dira; besteetan, berriz, inork gutxik imajinatu ahal dituenak. Bakarren batek nahi gabe egingo zuen topo sare sozialetan Carlos Muñozen (Azkoitia, 1985) eta haren maskoten bideoekin. Izan ere, Muñoz ezaguna da Azkoitiko Musika Bandako, Parrokiako Koruko nahiz Bizkargi musika eskolako zuzendaria delako. Musikari lotuta bizi da, baina ofizioz kanpo baditu afizioak. Bideoak sortzea atsegin du, eta eduki sortzailea da sare sozialetan. Lotsaz eta harriduraz hartu du Gukaren elkarrizketa proposamena, baina egiten duena gustuko duenez, haren afizioaz mintzatzera animatu da. Chile, Luna eta Lorenzo dira azkoitiarraren maskota ezagunak, eta haiei ahotsak jartzen dizkie askotariko edukiak eta istorioak egiteko. Gaur egun, 300.000 jarraitzaile inguru ditu TikTok sare sozialean.
Noiztik da maskota eta animalia zalea Carlos Muñoz?
Egia esan, betidanik. Txikitatik izan ditut maskotak etxean: txoriak, hamsterrak, akuriak, untxiak... Askotariko animaliak izan ditudan arren, orain arte ez dut txakurrik eta katurik izan. Gaur egun, lau maskota ditut etxean: txakur bat eta hiru katu.
Noiz eta nolatan hasi zinen zure maskotekin sare sozialetarako bideoak sortzen?
Bideoak egiten hastearen arrazoia ez ziren maskotak izan. Bideo asko ikusten nituen sare sozialetan, TikTok-en mugimendu handia zegoela ohartu nintzen, eta tresna horrek nola funtzionatzen zuen jakiteko gogoa piztu zitzaidan. Dantza koreografiak publikatzeko sare soziala izatetik urrun, askotariko edukiak partekatzeko erabiltzen zela jabetu nintzen. Hau da, edonork egiten zituela edukiak: musikariek, politikariek, kultur zaleek... Ni ez naiz nire bizitza sare sozialetan partekatzen duen horietakoa, ez baitaukat Instagram edo TikTok pertsonalik. Nire bizitza publikatu gabe sare sozialen eta eduki sortzaileen munduan nola murgildu ahal nuen pentsatu ostean otu zitzaidan animalien kontu bat egitea. Beraz, jakin-minagatik hasi nintzen sare sozialetan edukiak sortzen, ez maskoten zalea naizelako, nahiz eta hori ere banaizen. Hasieran, maskotak ikus-entzunezko edukiak sortzen hasteko aitzakia ziren, baina azkenean, bertan harrapatuta gelditu naiz.

Ez dakien horrentzat: zein dira Chile, Luna eta Lorenzo?
Chile, Luna eta Lorenzo gaur egun etxean ditudan hiru kide dira, bideoetako protagonistak. Luna da beteranoena. Betitik nahi izan dut txakur bat eduki etxean, baina nire lana tarteko –ordutegiagatik batez ere– ez nuen oso posible ikusten. Beraz, duela bederatzi urte inguru katu bat ekarri nuen: Luna. Urtebetez bera bakarrik eduki nuen etxean, baina denbora tarte horretan asko gaixotu zen. Etxetik ateratzen nintzenean ondoezik jartzen zen, urduri. Ilea kentzen zuen eta zauriak egiten zituen gorputzean. Urtebetez albaitariarengana bueltaka ibili ostean jakin genuen banaketak eragindako antsietatea zeukala. Orduan ekarri nuen Lorenzo katua, Lunari konpainia egiteko, eta funtzionatu egin zuen; Luna sendatu egin zen. Gerora, duela hiru urte, iritsi zen Chile txakurra. Ordurako zertxobait ordenatuago eta antolatuago nituen laneko kontuak.
"Ez dut helburu zehatzik; edizioan ondo pasatzen dudalako sortzen ditut bideoak"
Musikarekin lotzen zaituzte herritar gehienek. Orain, ohiko lanaz aparte, bideoak ere sortzen dituzu. Nola antolatzen zara denera iristeko? Denbora asko eskaintzen al diozu edukiak sortzeari?
Azken boladan denbora gutxiago eskaintzen diot bideoak egiteari, lan gehiago daukadalako musika eskolan. Ikus-entzunezkoei eskaintzen diedan denbora egiten dudan bideoaren araberakoa izaten da. Esaterako, hogei segundoko bideo bat egiteko gutxienez ordu erdi behar izaten dut. Bideo luzeagoek, minutu batekoek, ordu eta erdi edo bi ordu behar izaten dituzte. Lehen egunero egiten nituen bideoak, baina orain ez, ez baitaukat hainbeste denbora libre. Gaur egun, astean bizpahiru bideo sortzen ditut, gutxi gorabehera.

Sare sozialetako bideoek atzeko lan dezente izaten dute: grabaketa, gidoia, edizioa... Nola antolatzen duzu sormen lana?
Askotan saiatu izan naiz gidoiak sortzen, baina animaliekin ezinezkoa da; beraz, sarritan inprobisatu egiten dut. Aurrena bideoa grabatzen dut, eta katuak eta txakurrak egiten dutenaren arabera asmatzen dut zer esaten dioten elkarri edo zer pentsatzen duten. Tira, guztia da imajinazioa.
Antolaketa aipatuta, badaukat anekdota bitxi bat kontatzeko: duela pare bat urte, Martxoaren 8an bideo bat egiteko asmoa nuen, berdintasunaren alde egiteko gauza asko falta direla adierazteko asmoz. Dena prest neukan, baina txakurra eta katua elkarrekin borrokan hasi ziren, ez ziren gelditzen, eta ezin izan nuen apenas ezer esan. Hala ere, bideoa birala bihurtu zen, eta zazpi milioi inguru ikustaldi izan zituen. Beraz, ezin da jakin bideoa noiz aterako den ondo edo gaizki; edukia aurrez antolatzea nahikoa zaila da animaliekin.
Sortzen dituzun edukiak askotarikoak dira. Zer helbururekin sortzen dituzu?
Ez daukat helburu zehatzik, nik edizio lanetan ondo pasatzen dudalako sortzen ditut bideoak, barre egiteko eta disfrutatzeko. Nire animaliak jolasean, lasterka, alferkerian eta borrokan ari diren bitartean hizketan jartzeak grazia egiten dit; gozatu egiten dut muntaketa lanak egiten. Hala ere, aitortu beharra daukat batzuetan nire burua bultzatzen dudala edukiak sortzera.
Zer dela eta?
Zorionez, jarraitzaile asko dauzkat, eta egun asko igarotzen baditut ezer publikatu gabe, kezkatzen hasten dira. Ondo al gauden galdetzen didate askok mezu bidez. Beraz, batzuetan nahiz eta gogo gutxi eduki, bideoak sortzera bultzatzen dut neure burua, eta gehienetan gustura gelditzen naiz saiakera egiteagatik.

Zer kontatzen duzu bideoetan?
Edozer [barrez]. Gure egunerokoa, animalien arteko elkarrizketak, maskotentzako produktuek dituzten onurak... Gehienetan, egunerokotasunari lotutako kontuak kontatzen ditut, umore ukituarekin betiere.
"Ikaragarria da sare sozialetan mugitzen den publizitate kopurua"
Milaka jarraitzaile dituzu TikTok nahiz Instagram sare sozialetan, eta asko dira edukiarekin interakzioak egiten dituztenak –bideoak iruzkinduta, galderak eginda...–. Espero al zenuen horrelako harrerarik?
Sekula ez nukeen imajinatuko gaur egun dudan jarraitzaile kopurua izango nuenik; ezta pentsatu ere. Oraindik harritu egiten naiz daukadan jarraitzaile kopurua ikustean. Gainera, egia da jarraitzaile askok jarrera aktiboa dutela eta edukien inguruko iruzkinak egiten dituztela. Interakzio handia dut jarraitzaileekin, baina askori ezin izaten diet erantzun, hainbeste dira...
Jarraitzaileak ez ezik, irismen handia dute zure edukiek, eta hainbat dira zugana jo duten enpresak eta markak. Nola hartu dituzu haien proposamenak?
Ikaragarria da sare sozialetan mugitzen den publizitate kopurua; batzuetan txundituta gelditzen naiz. Esajeratu gabe, ia egunero jasotzen ditut kolaborazio proposamenak, askotariko markenak eta produktuenak. Noski, horietako batzuk bakarrik onartzen ditut, hau ez baita nire berezko lana; ez dut nahi nire bizimodua sare sozialen bueltakoa izaterik, oso gustura nago nire berezko ofizioarekin.
Dagoeneko urte batzuk badaramatzazu edukiak sortzen. Gustura al zaude orain arte egindakoarekin?
Bai, oso gustura nago; pozik. Ederra da jendeari gure edukiak gustatzen zaizkiola ikustea. Hala ere, aitortzen dut, hasieretako bideoak ikusten ditudanean, lotsa apur bat ere sentitzen dudala. Izan ere, edizioan trebatzen joan naiz, eta gaur egungo bideoak txukunagoak iruditzen zaizkit. Ziur hemendik hilabete batzuetara orain egiten ditudanak ere ez zaizkidala horren onak irudituko [barrez].

Beraz, bideogile afizioari helduta jarraituko duzu, ezta?
Oraingoz, pozik nago egindakoarekin, eta ezer arrarorik gertatzen ez baldin bada, sortzen jarraituko dut. Jendearen harrera oso ona izan da, eta dagoeneko zenbaitek kalean ere ezagutzen eta gelditzen gaituzte. Gertatu izan zaigu oporretara joan eta hainbat pertsona gugana gerturatzea. Jendeari ilusioa egiten dio Chile kalean aurkitzeak. Egia esan, txakurra oso gertukoa da, eta jendeak hori nabaritu egiten du.
Herrian ez dira asko zure 'beste aldea' ezagutzen dutenak.
Egia esan, azken boladan gero eta jende gehiago etorri zait nire bideoak ikusi dituela esatera. Horrek lotsa pixka bat eragiten dit, baina, tira, oso gustura aritzen naiz bideoak egiten. Merezi du.
"Interakzio handia daukat jarraitzaileekin, baina gehienei ezin izaten diet erantzun"
Bideogintzaz aparte, ba al duzu bestelako zaletasunik?
Besteak beste, asko gustatzen zaizkit landareak eta loreak. Animalien bideoak egiten hasi aurretik, duela bost urte inguru, loreei eskainitako Instagram kontu bat ireki nuen, eta animaliei eta landareei buruzko edukiak partekatzen nituen han: zer hosto edo landare ziren egokiak animalientzako, zein ziren kaltegarriak, zer-nolako onurak dituen lore batek edo besteak... Orduan ez nituen bideoak egiten, argazkiak baizik.